Rhoda Scott, Paquito D 'Rivera, Cécile McLorin, Joe Lovano eta Dave Douglas Getxon izango dira

Bizkaie! 2025-05-22 09:37   Musikea

48. Getxo Jazz, garagarrilaren 2tik 6ra.

Xabier Paya, Getxo Kultur Etxeko Zuzendari Kudeatzailea eta Amaia Agirre, Getxoko alkatea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxok edegiko dau jazz denporaldia Euskadin, Getxo Jazzaldiaren 48. edizinoaren eskutik. Aurtengo ekitaldian nabarmendu behar da Muxikebarrin izango diran pagetako saioen proposamena; bertan nazinoarteko musikari eta abeslari onenak izango dira, besteak beste, Rhoda Scott organista eta abeslaria, Paquito D 'Rivera klarinete eta saxofonista kubatarra, Joe Lovano saxofonistea, Cécile McLorin abeslaria eta Dave Douglas tronpetistea. Horreez gan, Talde Lehiaketako talde gazteen kontzertuak eta dobako kale-programazino zabala izango dira Algortako Geltokia plazan, baina baita, lehen aldiz, Muxikebarri parean eta Areetako uri-ingurunean be. Pagetako kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak salgai dagoz hemen.

Kontzertu nagusien artean (Muxikebarri; 22:15) Rhoda Scott (garagarrilak 2) organista eta abeslari beteranoak ekingo deutso jaialdiari, oraingoan Lady Quartet taldearen buruak. Biharamunean Paquito D 'Rivera handia izango da protagonista, musika afrokubatarraren oinarrizko artista, 14 Grammy sari irabazi dituanak, hain zuzen be. Getxora boskotearen buru helduko da eta Reinier Elizarde kontrabajisteak eta Yuvisney Aguilar perkusionisteak bat egiten dabe bertan.

Garagarrilaren 4an, jaialdiaren erdialdean, Cécile McLorinen txandea izango da. Jazzaldiaren panoraman azken urteotan sortutako ahotsik nabarmenetakoa da McLorin, eta ibilbide oparoa izan dau, bigarren diskoaga Grammy bat irabazi dauena. Hurrengo egunean, garagarrilaren 5ean, Joe Lovano saxofonistea Getxon izango da bigarren aldiz, oraingoan Martin Wacilewski Trio Europan upealako erantzuna izan dauen poloniar talde gazteagaz lankidetzan. Azken egunean, barriz, Dave Douglas tronpetista estadubatuarrak, sonoridade barrien bila aurrenari danak, zarratuko dau jaialdia.

Talde Lehiaketea

Gaueko 21:00etan, Muxikebarrin, Talde Lehiaketako lau finalisten txandea izngo da, Europako lau talde gazte, proposamen bereziak eskainiko dituenak: Eneko Dieguez Quarteten generoak, E.L.A. Trío hungariar taldearen groove eta funk doinuak, IMB Special 4tet talde nederlandarraren abangoardiako jazza eta César Vidal & Artikulation Band boskote internazionalaren soinu barritzaileak. Azken egunean, lehiaketea nork irabazi dauen jakinarazo eta barriro joko dau jaialdia zarratzeko kontzertua baino lehen.

Jazza kalean

Muxikebarriko proposamenagaz batera, Getxo Jazzek kaleko programazino zabala proponiduko deutso publikoari. Holan, Hirugarren Milurtekoa atalean (Algortako Geltokia plaza, 19:00), Matteo Paggi Giraffe talde italiar gaztea, Daahoud Salim buru dauen boskotea (Getxora bueltauko da Talde Lehiaketea irabazi eta bederatzi urtera), Élia Bastida biolinistearen hirukotea, Igor Senderov Quartet eta Voices for the Duke proiektua, azken hori Duke Ellington eta Billy Strayhorn handiei omenaldia egiteko Itxaso González, Nerea Arrieta eta Carla Sevillak osotutako ahots-hirukotearen eskutik.

Aire zabaleko proposamena goizeko jarduerakaz osotzen da (13:30, Algortako Geltoki plaza). Hilaren 5ean, Triz Quintet ibiliko da, igaz SGAEk eta Getxo Kulturak hasitako lankidetzeari jarraipena emoten deutson kontzertua, Musikeneren lanaren aldeko jarrereari eusteko. Zentro horren barruan sortutako boskotea da, generoko kantu originalak eta estandarrak batzen dituana. Eta domekan, hilaren 6an, Capitán Corchea taldeak ‘Sax & Wing’ ikuskizun pedagogikoa eskainiko dau, umeei eta familiei zuzendua. Gainera, zapatuan, hilaren 5ean, Getxo Jazz lehen aldiz helduko da Areetako uri-ingurunera Euskorleans, Kukai Dantzaren ikuskizunagaz, koreografiak eta dixie musikea batuz Mikel Laboa eta Benito Lertxundi lako artisten konposizinoak jazzera eroanez. Ikuskizun barritzaile hau Bizkaia Zubiko plazatik abiatuko da 18:30ean eta Areetako Geltoki plazaraino joango da.

Azkenik, hilaren 6an, eguerdiko 13:30ean, Muxikebarriren aurrean, Kristalezko Kioskoa zikloak, Getxo Jazza dala eta, So in Love proiektuaren ikuskizuna hartuko dau, Ainara Ortega & Joaquín Chaconen eskutik, bere errepertorio intimistea jazzera hurreratuz.

Bestelako ikuskizunak eta erakusketea

Jam sessions tradizionalek (The Piper 's Irish Pub, 23:45) Reservoir Monks taldea izango dabe protagonista, abonu kontzertuen ondoren jazzari jarraipena emoteko, eta, zenbait egunetan, Iruña Jazz Brass Band marchin’ bandeak uri-ingurunea girotuko dau. Azkenik, Romo Kultur Etxeak Sinestesia Drawing Band erakusketea hartuko dau, Igor Sarralde sortzaile Getxotarraren proiektua, jazzaldiaren azken edizino bietako kontzertuak 50 marrazkitan islatu dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu