Bilboko Itsasadarra izango da 'BBK Ria' ekimenaren agertoki

Bizkaie! 2025-05-22 08:00   Musikea

Bilboko Itsasadarrean izango da aurrekaririk bako ekitaldi historiko hau.



BBK Fundazinoak, bere hamargarren urteurrenaren harian, ekitaldi barritzailea atondu dau, bagilaren 28an, zapatuan: BBK Ría. Punta-puntako ekitaldi ahaztuezina, Bilboko itsasadarreko uretan izango dan neurri handiko lehenengoa da, eta hiru artista garaikide eta beren ibilbideen momentu bikainean dagozan Iñigo (ETS), Amaia eta Arde Bogotáren kontzertuen agertoki bihurtuko da. Duda barik, jazoera historiko eta gogoangarria izango da. Bilboko Itsasadarra, uriburuaren arteria nagusia, uri ausart honek denporan zehar izandako eraldaketearen lekuko izan da, nortasun nabarmenagaz, bere burua berrasmetako kapazidade handiagaz eta ikuspegi barritzaile ukaezinagaz.

Ekimen soziala eta dobakoa da eta kultura eta aisia Itsasadarragaz buztartuko ditu alkargune lez, alkarbizitzarako, gozamenerako eta gizarte-kohesinorako gune lez. Arratsaldeko 18:00etatik 21:30era, BBK Ría ekimenak kalidadeko musikaz beteko ditu Arenaleko ertzak. Holan, Fundazinoak hamar urte bete dituala ospatzeko atondutako ekitaldi handietako bat dakar BBKk. Urtemuga hori bere Gizarte Ekintzaren jarduerea indartzeko eta ezagutarazoteko aukerea da, beti be lurraldearen egungo eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko proiektuak sortzeko helburuari leial.

Orain hamar urte BBKk bide gatxena, baina errotzeari eta egonkortasunari jagokenez ekarpen handiena egiten ebanaren alde egin eban. Gaur aurkezten gagozan ekitaldi handi hau eta gure lurraldeko herritar bakotxari kulturea hurreratzaren aldeko gure jarrerea, beste ekimen askoren artean, ez litzatekez posible izango erabagi harengatik ez balitz, nabarmendu dau Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak kontzertuaren aurkezpenean. Gure ustez, kulturea gizartea eraldatzeko motorra da, eta kohesinorako oinarrizko tresnea, komunidade batu, solidario eta anitza eregiteko. Beraz, honelako ekitaldiak bultzatzea gure konpromisoaren parte da. Orain, badogu atxkia gure itsasadarraren inguruan guztiok batu eta ospatzeko, adierazo dau.

Hitzordu berezi eta ezinbesteko honegaz, BBKk herritarren artean kulturea sustatu gura dau, uriko ingurune enblematiko batean esperientzia parebakoa eskainiz. BBK Ría ur gaineko plataforma handietan agertoki ikusgarri batean kokatuko da, Arenaleo eta Udaletxeko zubien artean. Publikoak zuzeneko musikaz gozau ahal izango dau esperientzia errepetduezinean: itsasadarraren bi ertzetan, eta uretan, horretarako baimendutako ontzietan. Azken urteetako euskal musika-eszenako fenomeno handi bategaz hasiko da kultura-ekitaldia, Iñigogaz (ETS musika taldeko abeslaria). Beste konbidatu nagusietako bat Amaia izango da, estudioko hirugarren diskoa, Si abro los ojos no es real, argitaratu eta Movistar Arenan bere egunerako sarrerak agortuta dagozalarik, publikoa harrituta ixten jarraitzen baitau bere talentu sortzaile eta agertokian egoteko moduagaz. Azken kontzertua Arde Bogotá taldeak emongo dau, gaur egun estaduko rock-eszenako talde goraipatuenetako batek.

Bilboko ikono eztabaidaezina, Itsasadarra izango da bagilaren 28an, zapatu arratsaldean, publiko guztientzat dan BBK Ría ekitaldiaz gozetan bertaratzen diran guztien alkargunea. Segurtasun-arrazoiakaitik, ekitaldian sarrera eta ur gaineko ontzi eta artefaktuen kopurua mugatua izango da. Ontzi horreek BBKk kudeatuko ditu, ezarritako segurtasun-jarraibideen arabera. Sarbide-murrizketea eta ur-laminearen erabilerea agintari eskudunek arautuko dabe. Atontzaileek prestau eta jarritako ontzietan egoteko plazak zozkatu egingo dira BBKk lan egiten dauen hirugarren sektoreko alkarteen eta herritarren artean. Era berean, mobikortasun murriztua daben personentzako gune bat egongo da.

Sartzea doban izango da eta publikoak lehorretik edo baimendutako ontzietatik goztu ahal izango du kontzertuez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu