Areatza Musik & Beer sano indartsu dator
2025-05-21 09:55 MusikeaMaiatzaren 29, 30 eta 31n.

Maiatzaren 29an, barikuan, 19:00retatik aurrera, Dimako Garena jatetxean, lau garagardao artisau eta lau mokaduren maridajea eta Goiatz Dutto Moonshine Wagon taldeko abeslariaren kontzertua izango dira (sarrerak Areatzako Bainuetxean erosi aitekez maiatzaren 23ra arte, 40 euroan).
Bizkaiko foodtruck bi eta Logroñoko bat be egongo dira jaialdian.
Hilaren 30ean eta 31n izango da musika eta garagardao jaialdia Areatzan eta, danetara, rock & roll, blues eta soul musikea egiten daben 10 talde izango dira. Kontzertuak, gune bitan egingo dira: Gudarien Plazan eta Kallartean, Zubizarrako parkinean. Gudarien Plazan izango dira arrastietako kontzertuak, karpa handi baten azpian. Kallartean izeneko gunean, barriz, zapatu eguerdi-arrastiko musika kontzertuak, jatekoa, eta azoka berezia egongo dira. Azokan, Mutur Beltz, Torontile, GoraKat eta BaRock artisauak hartuko dabe parte. Mutur Beltz Laurita Silesi diziplina ugariko artistearen bizi proiektua da. Karrantzako ardi baltzari balioa emoten deutsan arte sorkuntzea jakintza tradizionalen konserbazinoagaz lotuz. Areatzan, ardi-uleagaz eta bizikleteak lagunduta txapel bat egingo dau zapatu goizean.
Atzen urteetan Areatzako jaialdiko kamisetak egin dituan Torontile serigrafia enpresa arratiarra be egongo da azokan. 2017an sortu zan Torontile eta Emma Agilarrek kudeatzen dau. Proiektu solidarioa da, feminismoari lotua eta tailerrak, zuzeneko estanpazinoa, ikastaroak, diseinu eta ilustrazino lanak egiten ditu. Aurtengo kamisetako irudia papelean estanpetako aukerea uizango dau jaialdira hurreratzen danak Torontileko postuan.
GoraKaten salmahaian, aritsautzako boltsa eta motxilak egongo dira salgai.
Estibaliz Yuguerok diseinetan ditu BaRock bitxiak. Batez be arrakadak topauko ditu interesdunak bere salmahaian.
Gastronomiari jagokonez, Crisla Sweets, U-Lovers & Mafaldo, Pernil salmenta postua Silviu CRgaz, Baserrikodendea, La Melosa eta El Pescaíto Berria produktoreak egongo dira jatekoa saltzen. Durangoko Crisla Sweetsek, amerikar estiloko gozogintzea egiten dau; U-Lovers and Mafaldoren furgonetan hanburgesa gourmetak salduko dira; pernilzaleentzat, pernil salmenta postua egongo da; Baserrikodendeak euskal fast food tradizionala, taloak eskainiko ditu; La Melosa furgonetan patata-tortillea erosi ahal izango da eta El Pescaíto Berrian, izenak berak adierazotan dauan moduan, arrain prijidua.
Barikuko kontzertuak
Euskal Herriko Amann & The Wayward Sons taldeak zabalduko dau jaialdia, barikuan, 19:00retan.
Ondoren, 20:30ean, Frantziako Little Odetta taldearen txandea izango da. Gaueko 22:15ean, The Cinelli Brothers talde britaniarrak joko dau. 00:15ean, Datcha Mandala talde frantziarraren txandea izango da.
Zapatuko kontzertuak
Zapatu eguerdi partean Kallarteanen hiru taldek joko dabe: Frantziako Dirty Deep taldeak 13:00etan; Bad Touch britainarrek 14:30ean eta AEBko Jason Kane & The Jivek 16:00etan. Talde bi horreek beste emonaldi bana egingo dabe gauean
Gudarien Plazan.
VII. Munduko Kupel Jaurtiketa Txapelketea arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Gero eta parte-hartzaile gehiago animetan dira kupel hutsa ahal danik eta urrunen botaten.
Iluntze-gauean, Gudarien Plazako agerleku nagusian izango dira kontzertuok:
- 18:30ean, Arnau and The Honky Tonk Losers taldeak joko dau.
- Ondoren, 20:00etan, Galiziako Zalomon Grass taldearen txandea izango da.
- Madrileko Burning talde ezagunak joko dau gero, 22:00etan.
- Ostean, goizen Kallarteanen joko daben Bad Touch eta Jason Kane & The Jive taldeek beste kontzertu bana eskainiko dabe 00:00etan eta 01:45ean.
Euskal Herriko garagardaoa
Country, blues, soul eta rock estiloko musikeari ondo joakozala Euskal Herriko garagardaoa eta 0 kilometroko jatekoa dala onena uste dabe arontzaileek. Areatzako Musik and Beer jaialdian bertako produkzinoa sustatzen dogu, 0 kilometroa. Hori dala-ta, gurean izango diran janari furgoneta bi Bizkaikoak dira eta bertoko produktuak salduko ditue. Karpa gastronomikoan egongo diran produktoreak be ia danak Euskal Herrikoak izango dira azaldu dabe atontzaileek.
Euskal Herriko garagardao artisaua izaten dogu jaialdian. Gertukoaren konsumoak gure lurraren etorkizuna bermatzen dau. Gainera aurten Basque Beer alkarteak partehartuko dau jaialdian eta bera izango da babesle nagusietako bat. Momentuz, 21 dira Euskal Garagardaoaren Alkartea osotzen daben markak, euren artean dago BBP garagardaoa, gure jaialdiko parte garrantzitsua izan dana. Basque Beer da babesle nagusietako bat.
Basqueland Brewing be orain arte lez jaialdian egongo da. Gaur egun 25 garagardao baino gehiago produziduten ditu eta sari ugari jaso ditu.
Egitaraua
- Maiatzak 29, eguena
- 19:00etan, janari eta garagardao uztartzea Garena jatetxean. Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita lau eskutara, Goiatz Duttoren musikeak lagunduta.
- Maiatzak 30, barikua, Gudarien Plazan.
- 19:00etan, Amann & amp; The Wayward Sons.
- 20:30ean, Little Odetta.
- 22:15ean, The Cinelli Brothers.
- 00:15ean, Datcha Mandala.
- Maiatzak 31, zapatua, Kallartean gunea.
- 12:00etatik aurrera, azokatxoa. Torontile, GoraKat, Mutur Beltz eta BaRock. Janari eskaintzea: El Pescaíto Berria (Arrain prijidua); Baserrikodenda (Taloak); Silviu CR (Pernil salmentea); U-Lovers; Mafaldo (Hanburgesak); La Melosa (Tortillak); eta, Crisla Sweets (Gozo eta gaziak).
- 13:00etan, Dirty Deep.
- 14:30ean, Bad Touch.
- 16:00etan, Jason Kane & The Jive.
- 17:00etan, VII. Munduko Kupel Jaurtiketa Txapelketea.
- Gudarien Plazan
- 18:30ean, Arnau and The Honky Tonk Losers.
- 20.00etan, Zlaomon Grass.
- 22:00etan, Burning.
- 00:00 Bad Touch.
- 01:45ean, Jason Kane & The Jive.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!