Somak rock taldeak 'Iluna Argitu' kaleratuko dau
2025-05-20 09:09 MusikeaBihar, hilak 21, eguerdiko 12:00etan.

Somak rock talde bizkaitarrak lehenengo lana kaleratuko dau, maiatzaren 21eko eguerdiko 12:00etan, Iluna Argitu izenekoa.
EPa osotzen daben hiru kantuek, lanaren izenburuak islatzen dauen lez, taldeak pasau dauen osatze eta barritze-prozesua deskribiduten dabe: ansiedadeak eta frustrazinoak sortutako iluntasunetik hasi, aurrera egiteko indarra eta bideak topau eta positibotasun eta barritasunez betetako argitasunera heldu arteko bidaia.
Iluna Argitu, aurkezpen lana
Taldearen lehenengo lana da Iluna Argitu. Berton, rock doinuak dira protagonista, apaindura eta moldaketa barik. Lanera hiru abesti batu ditue, beti be, pop-rock estiloaren barruan. Daborduko, Arnestu eta Erre Eza abestiak entzugai dagoz.
EPa Zumaiako Ozen Estudioetan grabau dabe, 2025eko urtarrilean, Jurgi Taboadaren produkzinoagaz. Taboada taldearen ideak eta indarguneak identifikau eta amaierako emoitzan modu zuzen eta dotorean islatzeko kapaz izan da. EParen azalaren diseinua Jone Fernández Lavillaren lana da.
Somak
Somak 2023. urte amaierean sortu zan pop-rock taldea da. Hasierean, Haizea Larrosak etxeko bakardadean idatzi zituan doinu eta berbei formea emoteko helburuagaz hasi zan martxan taldea, baina denporeak aurrera egin ahala, laukote moduan funtzionetan dabe.
Ondoko honeek dira Somak taldeko kideak: Haizea Larrosa (abeslaria, teklistea eta gitarristea), Eneko Alaba (bateria eta koruak), Unai Ibañez (gitarristea eta koruak) eta Eneko Diez (bajua eta koruak).
Lehenengo kontzertua Azpeitiko San Agustin Kulturgunean emon eben Kulturaz Kultur Kooperatibak atondutako Arkupehotsak ekimenaren barruan.
Hurrengo kontzertuak
Lana aurkezteko, ondokoak dira aurreikusita dituenak:
- Maiatzak 31: Hika Ateneo, Bilbo.
- Bagilak 12: Otxarkoagako Jaiak, Bilbo.
- Bagilak 19: Iralako Jaiak, Bilbo.
- Garagarrilak 18: Bunuzeko Bestak (Nafarroa Beherea).
- Abuztuak 18: Bilboko Aste Nagusia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!