Gure Zirkuak jasoko dau 2025eko Abadia Saria
2025-05-20 08:45 KultureaDibertimenduaren bidez euskerearen alde egindako ekarpen barritzaileagaitik.
Gure Zirkuak jasoko dau 2025eko Abadia Saria, euskerearen normalizazinoa, kulturearen deszentralizazinoa, familia arteko aisialdia eta bertoko talentuaren sustapena buztartzen ditualako modu barritzaile eta atseginean eta modu horretan euskal hizkuntzaz eta euskeraz sortutako kulturgintzaz gozetako aukerea eskaintzen deutselako ume, gazte zein helduei nabarmendu dau Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Bardintasuneko foru zuzendariak.
Iker Galartza eta Joseba Usabiagak gidatzen daben Gure Zirkuari Abadia Saria emoteko garaian, modu eredugarrian alkartasuna, sormena eta inklusimoa landu izana be kontuan izan dau Aldundiak: euskerazko zirku bakarra izanik, umen garapena, komunidadearen kohesinoa eta euskal kulturearen aniztasuna bultzatzen ditu. Sentipen, umore eta emozinoz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak batu eta ondo pasetako plazea eskaini deutso euskereari eta euskaldunon komunidadeari, zehaztu dau Garbiñe Mendizabalek.
2017an sortu eben Gure Zirkua, Euskal Herrian sortutako zirku ibiltaria, bertako langile eta artistek egiten dabena eta euskalduna. Ordutik apurka-apurka eta herriz herri, ibilbide esanguratsua dagoz pilotuten euskerearen herri osoan zehar, zirkuan parte hartzen daben artisten sormen lan ederrari esker.
Mendizabalek gogorazi dauenez, Euskaraldian gagozan honetan euskerea erabili eta erabilera hori gozagarri egitearen garrantzia nabarmentzen dogu eta, esangura horretan, Gure Zirkuak horretarako espazio barria sortu dau. Zirkuaren tradizinoan ohikoak diran disziplina artistikoak gure hizkuntzara eta kulturara ekarri, gune berean batu, eta herritar eta belaunaldi askok alkarregaz euskeraz bizi eta sentiduteko ikuskizun gogoangarria sortu dau eta, holan, euskereari leiho eta muga barriak eskaini deutsoz.
Ruper Ordorikaren kontzertua
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako XXV. Abadia Sariak dira aurtengoak, izan be, 1996an martxan jarri zituenetik autortu ditue euskerearen normalkuntzaren aldeko persona edo alkarteak. Mugarri horregaz bat egin eta foru erakundeak errekonozimendu horren garrantzia instituzionala indartzeko erabagia hartu dau, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta autortzari oihartzun handiagoa eskainiz.
Urteurrena ospatzeko programazino eta ekintza bereziak egingo ditu aurten Aldundiak, euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskerearen inguruan topo egin eta euskerearen aldeko alkarlanean aurrera egitek. Hilaren 31an, Hendaiako Abadia Jauregian kontzertua eskainiko dau Ruper Ordorikak, igaz Abadia Saria jaso ostean. Formatu txikiko kontzertu edegia izango da, aurretiaz gonbidapena lortu ostean. Horretarako, izena emon behar da ondoko webgunean: gipuzkoa.eus/abadiasaria atarian.
Bagilaren 2an, Anton Abadiaren bizitzako gorabeherak eta ekarpena gertuagotik ezagutzeko aukerea eskainiko dabe Harkaitz Canok eta Badalab Hizkuntza Laborategiko zuzendari Goiatz Oiartzabalek, Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean grabauko daben bideo-podcast saioan.
Aldi berean, Abadiaren biografiaren berrargitalpena eta itzulpena aurkeztuko dau Foru Aldundiak, Elkar argitaletxeagaz eta Euskal Hiri Elkargoagaz lankidetzan. Iñigo Sagarzazuk 1997an Anton Abadiaren inguruan argitaratutako Abbadie biografia euskerara eta frantsesera be ekarri dabe, aurretik gaztelaniaz baino ez egoan eta.
Iparraldeko Plazara kolektiboak, barriz, Anton Abadiari buruzko iges-gelea eskaintzea da asmoa eta Abadia Jauregian bertan martxan jarriko dau egun batez, Anton Abadia ezagutzeko aukera entretenigarri bat sortuz.
Azkenik, Abadia Saria emoteko ekitaldia bagilaren 19an egingo da Eibarren. Bertan jasoko dabe Gure Zirkuko ordezkariek euren lanagaitik eta ekarpen aberatsagaitik merezidutako errekonozimendua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!