Iker Galartza: 'Umeek eta helduek be Gure Zirkuaren magia arnastu deiela da asmoa'.
2018-07-09 08:05 BarriketanGure Zirkua-n komediante.
Iker Galartza aktorea, gidoilaria eta sortzailea da, makinatxu bat lan egin dau telebistan, baita hortik kanpo be, Goenkale, Vaya semanita zein Alli abajo nork ez ditu ikusi... Orain, barriz, Gure Zirkua, Euskal Herriko lehen euskal zirkuaren sortzailea be badogu eta Amezketan, jaioterrian ekin deutso ibilbideari.
1.- Zorionak Iker, Gure Zirkua, euskal zirkua martxan jarteko adorea, indarra eta ausardia edo
atrebentzia izan dozuzalako. Zerk eraginda sartu zara zurrunbilo honetan? Zelan otu jatzun
idea?
Txikitatik gustetan jat zirkua, aspaldiko zaletasuna da, beste zirku batzuetan be ibilia naz beharrean; telebista, platoak, zirkua, malabareak, holako saltsatan beti nabil gustora eta umeentzako antzerkian be ibili naz, zirkuaren ezaugarri asko landuz eta jorratuz; Madrilen be antzezle ibili naz Aitziber eta beste batzuekaz, Cuenca, Torrejon de Ardoz, bero itzelak pasau eta makinatxu bat izerdi botata. Orain urte batzuk erabagi neban, Euskal Herrian topau behar nebala lana eta hor gabiz, udea zirkuko lanak eginez emongo dogu. Zirkuko euskal artistentzako topagunea da hau.
2.- Zirkuaren munduan ibilia zaitugu, Poxpolo eta Mokolo pailazoakaz 20 bat urtez. Zelan
gogoratzen dozuz horreek urteak?
Gomuta ederrak. Familia bat ginan, asko ikasi neban, kilometro asko egiten genduzan eta tarteka erruberak aldatzen, tailerrera deiak egiten eta holan ibilten ginan; komedianteak sasoi batean zelan ibilten ziran gogoan badaukazu, holantxik ibilten ginan gu, magia egoan egoerea horreetan. Gaur egun, barriz, aktoreok gidoia hartu, ikasi, antzeztu eta dirua hartu, besterik ez dogu gura.
Gure Zirkuagaz magia handiko sasoi horreetara bueltan goaz, talde polita osotu dogu eta horretan gabiz. Emonaldi sasoian, 14-16 lagun inguru gabiz, joan-etorrietan, barriz, 6 lagun gara eta besteak txandaka, baita artistak be. Etxetik hur gagoz eta aukerak ugari dira.
3.- Zuon ezaugarria euskeraz egitea da baina zelako ikuskizuna eskaintzen dozue?
Hasieratik gure amesa izan da zirku klasikoa erakutsi eta betiko ikuskizunak, alanbrea, trapezioa, akrobaziak, lurra, airea. Orain 1.000-1.500 urte herriarentzako ziran ikuskizunak gaur egun be sano erabilgarriak dirala erakutsi gura dogu, magia hortxe dagoala; esfortzua, indarra eta diziplinagaz gauza zoragarriak egin daitekez eta umeek ez eze, helduek be Gure Zirkuaren magia arnastu deiela da asmoa.
4.- Trebakuntzarik egin dozue ala norberak barruan daukana azaleratzea da kontua?
Antzeko esperientzietan be ibili gara eta lagun handiak egin doguzanez, laguntzen be etorri jakuzan, lehenengo zer egin behar dan, geroago zer, zer ez dan ahaztu behar eta holan. Jakina, hanka sartzeak eta egiten doguz baina gero eta gitxiago. Mimo handiz jagon behar da dana eta behar beste denpora hartzea be aholku ederra da, erritmo biziegian gabizen sasoian. Eguraldiak aparteko garrantzia dauka zirkuaren kasuan, ze gauza asko egoten dira eregita eta txoko eta bazter guztietara begira egon behar da denpora guztian.
Ganerakoan, arriskuei aurre egiteko prebentzino aldetik be neurriak hartu behar dira, baimenak eta enparauak be ezin ahaztu, karpea hutsitzeko plangintzak, burukomin handiak dira baina nahitaez egin beharrekoak.
5.- Amezketa jaioterrian hasi eta saio ugari eskaini dozuez dagoeneko, aurreko astegoienean,
Aian ibili zarie. Zelakoa da jentearen erantzuna?
Ikaragarria. Herri txikietan hasi gara eta jenteak pozez zoratzen hartu gaitu; Aia, Amezketa eta inguru guztian sarri ibilita gagoz Poxpolo eta Mokolo pailazoakaz be eta ez dogu izan ezelako arazorik. Gure Zirkuan familia osoak disfrutau leike, arratsalde pasa egin, ogitarteko bat jan eta zirkura.
Bizkaian 4 aste egingo ditu Gurea Zirkuak. Ondarroan eta Gorlizen egingo ditu ditu birako 5. eta 6. geldialdiak. Egunak eta orduak argazkien atalean begitu.
6.- Udako kapritxoa ala luze joko dauen jarduerea da Gure Zirkuarena?
Kapritxo gitxi dago arlo honetan, lana, barriz, ugari. Nire asmoa da udako birea egitea, astero leku baten, hamabost eguneko egonaldiak egin gura geunkez, Bizkaian berbatuta daukagu hamabostaldia Gorlizen. Okerrik ezean, zemendira arte edo Gure Zirkuagaz jarraitzea da asmoa. Neguan zarratu eta gure lagunen ikastaroak eta egin beharko geunkez saltsa honetan jarraitu gura izan ezkero.
7.- Aurrekontuagaz zelan konpontzen zarie?
Geuk ipini behar dogu dana, diru-laguntzinorik ez dago zirkua egiteko; sasoi bateko komedianteen antzera gabiz herriz herri. Eta gauza handirik ez dogu eskatzen, Udalaren baimena, karpea jarteko lekua, komuna eta osogai garrantzitsuenetakoa, umorea ez daitela falta.
8.- Sortzailea zara, gidoilaria, antzezlea, antzerkian zein telebistan... Egun zertan zabiz?
ETB3ko Irutxulogaz nabil, irailean hasi eta abenduan amaitzekotan edo. Gustora nabil, betiko lagunak ikusi eta hara eta hona ibilita. Grabazinoa astean baehin baino ez da izango eta ordu lar be ez deust kenduko.
Zemendian, telebistako lanari be ekingo deutsat; Alli abajo serieko beste zortzi kapitulu edo grabauko doguz eta, beraz, sano lanpetuta ibiliko naz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!