Jon Maiak amaierea emongo deutso 'Kantu bat gara / Kantu berri bat gara' proiektuari

Bizkaie! 2025-05-19 12:17   Musikea

Hilaren 24ean, Zumaiako Itzurun hondartean.

Gure herriari eta gure identidadeari ermozinotik eta edertasunetik begiratzea, holan deskribidu izan dau Jon Maia sortzaile eta eragile zumaiarrak haren azken proiektua. Ondokoa be gehitzen deutso: memoriaren transmisinoan eta etorkizuneko euskal identidade barriaren eraikuntzan ekarpena eginez. Halanda ze, ohiko kontzertuaren kontzeptua gainditzen dauen emonkizun berezi eta parte-hartzailea.

Jon Maiak Kantu bat gara eta Kantu berri bat gara lanen bueltan eregitako azken musika proiektuko 4 urteko zikloa zarratuko dau maiatzaren 24ean Zumaiako Itzurun hondartzan emongo dauen kontzertu handi eta bereziagaz. Zumaia Harri eta Herri izenez egingo da. Berton, Itzurun hondartzea eta itsas labarren arteko eszenatoki natural horretarako diseinautako kontzertua egingo dau Maiak, kantuak eta argi proiekzinoakaz eta Zumaiako zein konbidautako hainbat artista eta eragileren parte-hartzeagaz. Kontzertua gaueko 21:00etan hasiko da, eguzkia sartzeagaz batera eta itsasbeherea aprobetxauta. Doban eta eguraldiak laguntzen ez badau Aitzuri Frontoian izango da, kasu horretan aurrez sarrerea eskuratuta. Ekitaldian Zumaiako Astindu Alkartea, Eñaut Elorrieta, Kandido Uranga, Inpernupeko joaldunak, Zumaiako Adarjoleak, Zaria Koru Eskolea, Gernikako Ross Dantza Eskola eta beste zenbait konbidadu izango dira.

2021ean emon eutson hasierea Jon Maia bertsolari zumaiarrak Kantu bat gara proiektuari, izen bereko liburu diskoa argitaratu ebanean, berbagile bezela 30 urteko ibilbidea ospatzeko. Lehenengo liburu diskoaren eta birearen arrakastearen bultzadeagaz 2023an bigarren lana kaleratuko eban, Kantu berri bat gara. Lan horreetan identidadea eta transmisinoa izan ditu ardatz Maiak eta emozinoaren eta edertasunaren bidez Euskal Herriaren ikuspegia gizarteratzea izan dau helburu nagusi. Berbea, musikea, irudia eta jantzea erabili ditu horretarako, uniberso propioa sortuz. Proiektu horretan bidelagun izen handiko musikariak izan ditu Maiak: Gorka Hermosa, Pello Ramirez, Nerea Quincoces eta Nacho Soto. Irudietarako be goi-mailako lagunak izan ditu esaterako Maite Mutuberria eta Balu ilustratzaileak. Bideoklipen zuzendaritzan, barriz, Odei Barroso izan dau lagun.

Lan bietan, kolaboratzaile ugari izan ditu Jon Maiak, esaterako: Silvio Rodriguez, Xabier Amuriza, Asier Etxeandia, Juan Soziedad Alkoholika, Mikel Urdangarin, Maddalen Arzallus, Aiora Zulaika Pirritx, Antton Latxa eta Itziar Ituño. 100 kontzertu inguru egin ditu euskal antzoki nagusietan eta formatua be berezia izan dau bertsolari zumaiarrak beti, parte-hartzailea eta hainbat artisten kolaborazinoak izan ditualarik, idazle, abeslari, aktore, baserritar eta bestelakoak. Hainbat herritako jantza taldeek be hartu izan dabe parte. Horreezaz gan, gizarte kolektiboak be konbidau ditu, gehienak emigrazinoari eta euskalgintzeari lotuak, 300 lagun baino gehiago igon dira oholtzara hainbat gizarte kolektiboren ordezkari.

Herri ikuspegia musikearen bidez zabaltzearen helburua beteta, azken kontzertu berezi eta errepetiduko ez dan bategaz emongo deutso amaierea zikloari Maiak, haren herrian eta lagunez inguratua, Itsasoa gara, Itsasoari begira, Egun on, Welcome to Beach eta harek idatzitako hainbat kanturen sorlekuan bertan, Itzurun hondartean, Maiak berak dinoan lez, amesen antzokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu