Barikuan, hilaren 23an, jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen sailkatze saioa

Bizkaie! 2025-05-19 10:27   Bertsolaritzea

Sarrerak hemen.

2023ko txapelketako aurrekanporaketetako argazkia, Etxaurin. | Ikusi handiago | Argazki originala

Urriaren 4an hasiko da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketea eta zemendiaren 29an amaituko. Horren aurretik, barriz, sailkatze saio bi jokatuko dira, txapelketean parte hartuko daben bertsolarien zerrendea osotzeko. Maiatzaren 23an Iruñean eta 30ean Jauntsaratsen jokatuko dira eta 12 bertsolarik hartuko dabe parte.

Txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian (2023) parte hartu eben bertsolariek baino ez dabe bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dabenek, edota 2023koa baino lehenagoko edizinoren batean parte hartutakoek, sailkatze fasea jokatu beharko dabe.

Holan, 18 bertsolari dira daborduko urrian hasiko dan txapelketarako sailkatuta dagozanak eta 12 aurrekanporaketak jokatuko dituenak. Azken horreetatik seik lortuko dabe sailkapen txartela: saioetako irabazleak eta puntuazinoaren araberako lehen lauak. Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena eta Joseba Beltza ibiliko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.

Sailkatze saioetarako sarrerak hemen eskuratu daitekez (5 euroan arruntak, 4 euroan bazkideenak eta 3 euroan 18 urtetik beherakoenak). Iruñeko eta Basaburuako Udalak egitasmoaren laguntzaile dira.

Iruñea

Maiatzaren 23, barikuan, arratsaldeko 18:30ean (Peña Rotxapea). Bertsolariak: Aitor Irastortza Arrizurieta, Etxahun Azkarraga Fernández, Jabi Lezaun Landa, Julen Bernaldo de Quirós Royo Berni, Peio Ardaiz Gale eta Xabi Maia Etxeberria. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo Ferrero.

Jauntsarats

Maiatzaren 30ean, barikuan, arratsaldeko 18:30ean (Apeztegiberriko ganbaran). Bertsolariak: Amaia Elizagoien Varela, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Fernando Ziganda Urdanpileta, Kattin Madariaga Apaolaza eta Mintxo Astiz Goñi. Gai-jartzailea: Ander Aranburu Arriola.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu