Carmen Martínez Guerra da Bilboko Koral Alkarteko kudeatzaile barria
2025-05-19 07:45 MusikeaBilboko Koral Alkarteak etapa barri bati ekingo deutso.

Bilboko Koral Alkarteak hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Carmen Martínez Guerra izentau dau erakundearen kudeatzaile eta Iñigo Alberdi Amasorrain ordezkatuko dau, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) gerentzia hartu barri dauelako.
Carmen Martínez Guerrak, musikan, kudeaketan eta kultur komunikazinoan prestakuntza sendoa dau, baita esperientzia handia zuzendaritza artistikoan, produkzino sinfonikoan, jaialdien antolakuntzan, manager lanetan eta musika-proiektuen zuzendaritzan be. Gainera, Eusko Jaurlaritzako titulartasuneko hiru konserbatorioetan irakasle izan da. Irakaskuntza kudeaketan be esperientziaduna da, Gasteizko Jesús Guridi Konserbatorioaren zuzendaritza-taldearen kide izan baita.
Martínez Guerra Musikan lizentziaduna da Zeharkako Txirula espezialidatean, Musikenen eta Bartzelonako Liceun, Holandan eta Ingalaterran graduondoko ikasketak egin ditu. EIO eta EGO lako orkestra gazteetan parte hartu eta orkestra eta ensemble profesionalakaz kolaborau dau.
Kudeaketa formakuntzeari jagokonez, Kultura Kudeaketa: Arte Eszenikoak eta Musika Masterduna da Musika Zientzien Institutu Konplutensean (ICCMU) eta SGAEn, baita Kultur Erakundeen Komunikazino Kudeaketa Graduondoduna be.
Festclásica, Espainiako Musika Klasikoaren Jaialdi eta European Festivals Association alkarteetako kidea da eta 2025etik Academy Jaialdiko ikaslea.
Musika Kudeaketan bere ibilbide profesionala, zuzendaritza artistikoan, produkzino sinfonikoan eta manager lanetan izan da. Horreen artean, nabarmentzekoenak dira: Arabako Antzinako Musika Astean (zuzendari artistikoa), Centro Nacional de Difusión Musical (CNDM), Auditorio Nazionala, Euskadiko Orkestra, Donostiako Musika Hamabostaldia edo Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazinoa. Proiekzino handiko artisteen agentea izan da, Fernando Velazquez konpositorea kasu.
Bilboko Koral Alkarteko Zuzendaritza Batzordeak eskerrak emon nahi deutsoz Iñigo Alberdiri erakundearen garapenean egindako ekarpenagaitik.
Carmen Martínez Guerra gerente barriagaz, Bilboko Koral Alkarteak aro barri bati ekingo deutso, erakundea indartu eta musikearen bikaintasuna lortzeko.
Bilboko Koral Alkartea
1886an sortua, Bilboko Koral Elkartea Bilboko bizitza kultural eta musikalaren oinarrizko zutabe lez finkatu da ia 140 urtetan zehar eta Espainiako zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa da. Bere jarduerak obra sinfoniko-koral handien interpretazinoak zein adin guztien artean musika-prestakuntzea eta kantu koralaren sustapena barrubatzen ditu, baita gizarte eta hezkuntza-jarduera ugari be.
Entzute handiko musika-erakundea da, Musika Irakaskuntza Zentro arautua dauena, baita hiru koru-talde egonkor be (Koru Sinfonikoa, Euskeria Gazte Abesbatza eta Haur Abesbatza).
2024an 64 kontzertu eta 75.000 entzule izan zituan. Bilboko Koral Alkartea 800 bazkidek baino gehiagok, 450 ikaslek baino gehiagok eta astero instalazinoak erabilen dituzten 1.000 lagunek osotzen dabe.
Erakundeak, gainera, hainbat proiektu sozial bultzatzen ditu, besteak beste, Eskolan Kantari (ikastetxeetako abesbatzak), Gorabide Korala (adimen-urritasuna daben personek osotutakoa), Musika Bizi (hirugarren edadekoen egoitzetako kantua) eta Bilboko Korala Gertutik edo Bizkaia Kantuan zikloak, uriko eta lurraldeko hainbat barrutitako musika eta koru alkarteak dinamizetan saiatzen diranak. Era berean, musika-ondarea berreskuratzea eta konposizino barriak sustatzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!