'María Luisa Ozaita' Emakumeen Abesbatzen VI. Jaialdiaren alde egin dau BFAk

Bizkaie! 2025-05-19 09:08   Musikea

Emakumeen musika-sorkuntzearen bozgorailu baita.

Teresa Laespada diputadua. | Ikusi handiago | Argazki originala



Espainian parebakoa dan topaketa koral honek emakumeen talentua autortzeaz gan, kantuaren bidez ahalduntzea sustatzen dau, 150 abeslari eta bost talde, emakume konpositoreak ikusezin bihurtu dituan isiltasun historikoa hausteko. Jaialdia María Luisa Ozaitaren aldeko omenaldia da eta bertan Diana Pérez Custodioren lana estreinauko da, bardintasunagaz konprometidutako askotariko edizino inklusibo honetan.

Bilboko Elkarte Filarmonikoak egin deutso harrerea María Luisa Ozaita Emakumeen Abesbatzen Jaialdiaren seigarren edizinoari. Hitzordu honek bere lekua irabazi dau Bizkaiko kultura-egutegian parte-hartzaile diran abesbatza guztiak emakumeek osotu ditue eta hareen errepertorioa emakumeek konponidutako lanek osotu dabe.

Jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesino eta Berdintasun Sailak atondu dau, Bardintasun Zuzendaritzako Emakumeak estrategiaren bidez. Ekimen honek emakumeek musika-sorkuntzan daben presentzia aldarrikatu dau, baita abesbatza-kantua gizartea eraldatzeko tresna legez be.

Gaur, hemen, indarrez aldarrikatu dogu talentua ez dala sexu kontua. Sorkuntzeak ez dau generorik. Eta emakumeek musikearen munduan ez eze, mundu hori aberastu eta eraldatu be egin dabela, libreagoa eta anitzago izan daiten, historian zehar oztopoak izan dituan arren eta, aurrerakuntzak gorabehera, oraindino be hor dagoz, azpimarratu dau Teresa Laespada diputaduak. Jaialdi hau emakume ezbardinen arteko topagune be izan da, abesbatzen komunidade eta adierazpen-modu kolektiboa topetan dabenentzako, zehaztu dau.

Jaialdiak 150 emakume kantari batu ditu, bost abesbatza-taldetan banatuta, hiru emakume eta gizon biren zuzendaritzapean, hiru instrumentisten laguntzaz. Gainera, publikoari edegitako abesbatza-tailer bat be atondu da, jaialdiaren bokazino parte-hartzailea eta inklusiboa azpimarratzeko.

Jardunaldia goizeko hamarretan hasi da mahai-inguru batega: parte-hartzaile diran zuzendariek emakumeek sortutako musikeak oraindino dituan egiturazko trabei buruz jardun dabe, eskuragarri dagoan errepertorio mugatua, emakume zuzendari gitxi izatea eta emakume konpositoreen ikusezintasun historikoa.

Aldi berean, koru-tailer bat egin da Eva Ugalderen gidaritzapean, emakumeen koru-errepertorioan espezializautako euskal konpositore ospetsuak; alkar aurretik ezagutzen ez ziran hainbat emakumek Escucho tu voz cantar lana landu dabe, Josune Lópezen testua dauena eta arratsaldeko kontzertuan interpretau dabenak.

Kontzertu nagusia 19:30ean izan da Bilboko Elkarte Filarmonikoan (Marqués del Puerto, 2), dodan, aurretiaz izena emonez (www.emakumeak.eus). Hona hemen parte hartu daben bost abesbatzak:

  • Cantus Mulier (Asturias), Patricia Miriam Martínez Iglesiasen gidaritzapean.
  • Zamudioko Kamara Korala (Zamudio), Iratxe Gezuraga Bilbaok gidatua. Honako piezak interpretau ditu: Ave María (X. Sarasola), Lau Teilatu, Let It Shine eta Bo Yabo Haboker.
  • Zirzira Ahots Taldea, Ius Pérez García buru duela. Bere errepertorioan honako lanak eskaini ditu: Paris (Izaro), Barbie Girl eta Ilargi Berriak.
  • Hots Abesbatza (Oñati), Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean. Diana Pérez Custodiok konponidutako De Mulierum Natura lanaren estreinaldi absolutua aurkeztu dau.
  • Gure Golé, Bilboko emakume ijitoen abesbatza, Aitor Biainen musika-koordinazinopean.

Azken talde horrek emakumeak kultura-aniztasunetik ahalduntzearen sinboloa izan dau, jaialdiaren zutabeetako baten adierazle: espazio koral bat sortzea, edade, ibilbide, kultura eta gizarte-testuinguru askotako emakumeek biziteko eta adierazoteko aukerea izan deien.

Sariketa horren bidez María Luisa Ozaitari (1939-2017) omenaldia egin jako.

Barakaldon jaio zan emakume hau klabezinista, konpositore, zuzendari, musikologo eta aktibistea izan zan, Mujeres en la Música alkartearen sortzailea eta 1992an Bilbon egindako Emakumeen Nazinoarteko VIII. Biltzarra be sustatu eban. Harek itxitako ondareak inspiretan dau ekimen honen espiritua: bikaintasun artistikoa, bardintasunagazko konpromisoa eta emakumeen errepertorioa berreskuratzea, historikoa zein garaikidea.

María Luisa Ozaita Emakumeen Abesbatzen Jaialdia sustatzaileek atzemondako behar bati erantzuteko sortu zan: emakumeek emakume ahotsen abesbatzetarako sortutako partiturak eskuratzeko zaltasuna. Musikearen Euskal Artxiboagaz (Eresbil) izandako lankidetzeari esker, egiaztatu egin zan aurreko mendeetan be emakume konpositoreak egon zirala. Ordutik, ekimen honek ondare hori berreskuratzeko eta emakumeek sinatutako obra barrien sorrerea sustatzeko be balio izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu