Zorroztuta ditugu lumak!

Bizkaie! 2025-05-16 13:13   Pil-pilean

Maiatzak 17: LGTBIQ+ fobiaren kontrako nazinoarteko eguna.

EHGAM, Euskal Herriko Sexu Askapenerako mugimendua:

LGTBIQ+ fobiak milaka arpegi ditu eta alderdi makurrenak erakutsi deuskuz barriro azkenaldian: gogoan dogu apirilean Kolonbian hil eben Sara Millerey emakume transa, Argentinan gero eta gehiago diran erasoak edo Mendebaldeko gobernu eta instituzinoak hartzen dabizen neurri transfoboak (AEBetan eta Erresuma Batuan, esaterako). Mundu zabalean jazotakoez gan, Euskal Herrian bertan izandakoak salatu nahi ditugu: gaueko jai giroan izandako erasoak, cruising guneetakoak, muralei eta gaztetxeei egindako eraso faxistak edo egunerokoan bizi ditugun transfobia, lesbofobia, homofobia eta bifobia.

Ideia faxisten eraginez LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak ugaltzen doaz. Azken hileotan gero eta gordinago agiri jaku faxismoaren eta diskurso transfoboen arteko aliantzea. Eta ozen esan nahi dogu: faxismoari arnasik ez! Ezin deutsegu zirrikitu txikiena itxi kaleetan, sareetan edo jendartean. Aurrean gauzkazue, eta zorroztuta ditugu lumak!

Badakigu LGTBIQ+ fobia ez dala faxista gisa identifikatzen ditugun horreen kontua bakarrik, izan be, geure ingurunean, geure auzo eta kaleetan idea LGTBIQ+ fobiko, arrazista eta matxisten normalizazinoari “nahikoa da!” esateko momentua da. Ez deiotsegun tarterik txikiena itxi diskurso faxista ostendutako normalizazinoari. Barriro be ozen dinogu: feminismoz mozorrotu arren, transfobia gorrotoa baino ez da!

Era berean, ez dogu onartzen LGTBIQ+ fobiaren goraldia polizia legitimau eta haren presentzia indartzeko erabilterik. Madrilen ikusi dogu chemsexaren atxakian oraintsu poliziak egin dituan sarekaden izaera homofoboa. Eta badakigu egunero ikusten ditugun poliziaren jarrera arrazista eta LGTBIQ+ foboen erakusle baino ez dala.

Joera erreakzionarioen erdian, gobernuek militarizazinorako eta berrarmetako hartu daben norabidea salatu nahi dogu. “Maricón, pasa de la instrucción” esaten genduan 90eko hamarkadan eta gogoratu nahi dogu transmaribibolloon burruka antimilitaristea izan dala eta dala.

Testuinguru honetan, barriro be salatu nahi dogu Palestinako genozidioa, bai eta gure instituzinoen gai horren aurreko itxikeria be. Eta instituzinoenharian,, Atzerritarren Legearen desagerpena ezinbesteko pausua da arrazakeriagaz eta persona migratuek bizi daben LGTBIQ+ fobiagaz amaitzeko bidean.

Krisi ekonomikoa edo politikoa nahikoa da gure eskubideetan atzera egiteko, Simone de Beauvoirrek esan eban bezela. Eta ez gagoz prest ezelako atzerapausurik onartzeko. Kapitalismoaren krisia sexu-eta genero-disidenteon eskubideetan atzera egiteko erabilteko tentazinoa dabenei esaten deutsegu aurrean izango gaituela. Ez dogula onartuko atzerapausurik txikiena be. Baina atzerapausurik ez onartzeaz gan, ez da nahikoa eskubide batzuk lortzea, dana goitik behera aldatu behar d. Patriarkatuak, heterosexismoak eta kapitalismoak ezarritako ereduetan beti izango da-eta LGTBIQ+ fobiarako tartea.

Horren guztiaren aurrean, transmaribibollook saretzeko, atontzeko eta alkarregaz jokera erreakzionarioari aurre egiteko sasoia da, autodefensa transfeministea atontzekoa. Joan dan astean Bilbon ikusi barri dogu alkarregaz indartsuagoak garela, eta kapaz garela diskurso transfoboen zabalkundeari aurre egiteko. Horregaitik eskatzen dogu jente batu eta erantzuteko eta lumak zorroztuta ditugula, burruka transmaribibolloan nahiz beste burruka batzuetan.

Bide horretan, ebitau daigun disidentzia sexu-generikoaren barruan mailak eta hierarkiak egitea, bai eta bisexualidadeari edo beste identidade batzuei izaera politikoa ukatzea be. Ibilbide politiko askotatik bagatoz be, bi, trans, bollera, marika, intersex, ez-bitar, disidente, kuir, LGTBIQ+ eta bestelakoen moduan politizetan gara, batzuk modu batzuetara eta besteok besteetara eta alkarregaz indartsuagoak gara LGTBIQ+ fobiari, matxismoari, arrazismoari, kapitalismoari eta oldar erreakzionarioari aurre egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu