Benito Lertxundik Musika Bulegoa Ohorezko Saria jaso dau

Bizkaie! 2025-05-15 09:07   Musikea

Guztira, 11 sari banatu dira.

Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiektu esanguratsuenak saritu ditu, Gasteizen. Guztira, 11 sari banatu dira: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Euskal Institutuak emondako bat, EHMBEko zuzendaritza batzordeak emondako ohorezko saria eta bigarren urtez Publikoaren saria.

Maddi Arana, EHMBEko buruak azpimarratu dauenez: euskal musikearen aniztazunaren protagonista izan da Jimmy Jazz Aretoa. Genero, erritmo eta doinu mueta guztietako ordezkariak izan ditugu.

Berton izan dira, besteak beste, Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria; Sonia Díaz de Corcuera, Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzia; eta, Ana del Val, Arabako Foru Aldundiko diputadua. Horreezaz gan, dozenaka musikari, produktore, manager, programatzaile, kazetari eta musikazale be izan dira galan.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek igaz sortutako 190 musika-proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta ibiliak diran zortzi personak osotutako epaimahaiak. Holan, sarien bederatzigarren edizinoko saridunak ondokoak izan dira: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean eta Verde Prato.

Epaimahaian ondokoak izan dira: Arantzazu Calleja, ikus-entzunezko-musikagilea; Iban Urizar, musikaria eta irakaslea; Iker Gurrutxaga, Naizeko musika arduraduna; José Joaquín Forcada Unanue Forki, musika-esataria; Mar Rojo, musika-promotorea; Nahia Zubeldia, kantaria eta musikaria; Raúl Urkiza, kultura teknikaria; Teresa Catalán, musikagilea; eta Yasmin Soud, pianistea, musikologoa eta musika-kudeatzailea.

Etxepare Insitutuak, barriz, euskal musikea nazinoartera zabaltzeko lana autortzen dau urtero. Halanda ze, Izaro musikariak jaso dau errekonozimendua, euskerea eta euskal kulturea espazio, lurralde eta publiko guztietara eroateko egin dauen lanagaitik.

Aitatutako bederatzi proiektu horreetako bakotxak, 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinautako eskultura bana jaso dabe.

Euskal Herriko Musika Bulegoa Alkarteko zuzendaritza-batzordeak, urtero lez, ohorezko sari berezia be emon dau. Aurton, Benito Lertxundi musikaria izan da autortua.

Bigarren urtez jarraian, publikoak parte hartu ahal izan dau 30 proiektu finalisten artean gogokoenari botoa emonez. Kategoria horretako saria Josetxo Goiak liderautako Zabaldika laukotea proiektuak jaso dau.

Nerea Reparaz eta Julen Telleriak gidatu dabe ekitaldia. Ganera, autortutako talde batzuk zuzeneko kontzertuak eskaini ditue: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Olatz Salvador eta Soinuak Haizean. Horreen ostean, Izaki Gardenak taldeak kontzertua emon dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu