Euskal Herriko Alboka Eguna Galdakaon izango da maiatzaren 17an
2025-05-09 09:52 MusikeaGaldakaoko Andra Mari Dantzari Taldeak atondu dau.

Euskal Herriko Alboka Eguna atondu dau 70. urteurrena ospatzen dagoan Andra Mari Dantzari Taldearen ospakizunen barruan. Maiatzaren 17an egingo da eta egitarau zabala iragarri dabe, besteak beste, kalejirea, herri bazkaria, kontzertuak eta zozketak.
Albokeak aparteko garrantzia izango dau egun horretan, baita Manu Gojenola ikertzaileak ondutako liburuak be; 2018an hasitako lan baten ondorioz, Alboka Egunean bertan egingo da liburuaren aurkezpena: Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz. Soinueneak argitaratu dau liburua Andra Mariren, Barrenetxea sendiaren eta Galdakaoko Udalaren laguntzeari esker. Sekulako dokumentazino eta digitalizazino lana izan da Mariano Barrenetxea albokari eta ikertzailearen bilduma osoa lantzea, izan be, 8.000 dokumentutik gora izan dira, kassetteak, eskuizkribuak, kartelak, aldizkariak, argazkiak eta bestelakoak; bilduma osoa Soinueneko webgunean dago ikusgai. Orain dator lan horren emoitzea, izan be, Alboka Egunean aurkeztuko da biografia liburua. Manu Gojenolak argitaratutako -Albokaren alde batzuk- liburuan aitatzen dan moduan, 1943an egin zan lehenengo txapelketea Galdakaon eta, besteak beste, Inazio Uribarri, Antonio Jitano Aiesta, Tiburtzio Elezkano, Txilibrin izan ziran albokarien artean.
Horrezaz gan, Barrenetxeari omenaldia eta autortza eskaini nahi jakoz egun horretan, berak egin baitzituan albokearen inguruko lehen ikerketak liburuetan dokumentau eta hainbat albokarirentzako eredu izan dira.
Kontuak kontu, 1967an, Mariano Barrenetxea bera izan zan Albokarien Bilkurea eratu ebana, bertan sortutako albokari, panderojole eta poeta edo koplarien alkartea. Hainbat izan ziran gerturatutako albokari eta panderojoleak: Bilbao aita-semeak, Elezkanotarrak, Benito Iragorri, Pontxo Orue, Romualda Zuloaga, Maurizia Aldeiturriaga... Handik urtebetera, beste topaketa bat egin eben Barrenetxeak atonduta.
Galdakaoko herriak lotura sendoa izan dau albokeagaz, ia desagertzeko zorian egoenean bertan eutsi jakon eta, arabere gehiago, Andra Mari Dantzari taldeko taldeko ikurra be bada eta Euskal Herriko alboka eguna atonduta lotura hori indartzea da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!