'Txosnak arriskuan dagoz'
2025-05-08 13:54 Pil-pileanTxosnen aldeko ekimena Miribillan izango da, maiatzaren 31n.

Gaur, Bilboko Aste Nagusia hasteko 100 egun falta diranean (Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietarako 88 eta Donostiako Aste Nagusirako 93), Bilbon alkartu dira Bilboko Konpartsak, Gasteizko Txosnak eta Donostiako Piratak herri-ekimenen ordezkariak, alarma-mezu bategaz: jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezela, arriskuan dagoz. Salatu dabenez, aisia merkantilizauta dagoan garaian, instituzinoek, eredu hori babestu beharrean lehentasuna emoten deutsee irabazi asmoa daben jarduerei.
Gaurko agerraldian izan dira Maite Aranalde (Gasteizko Txosnak), Iker Martin (Bilboko Konpartsak) eta Joseba Cornago (Donostiako Piratak). Irakurri daben oharrean gogora eroan dabe, herri-jaietako txosnak irabazi asmorik gabeko ekimenak dirala, boluntarioek kudeatutakoak eta anomalia dala horreen izaerea ez autortzea.
Tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak eta espazio publikoa erabiltzeko enbarazuak aitatu ditue. Horregaitik, ekitaldia atondu dabe maiatzaren 31n Miribillan txosnen defensean.
Agerraldian esandakoa
Jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezela, arriskuan dagoz. Ez dogu alarmistak izan nahi, baina gero eta gertuago ikusten dogun errealidadea islatzea da asmoa.
Mundua pribatizetan dabil eta gero eta gatxagoa da txosnak eta herri-jaiak atontzea. Aisialdia merkantilizauta dago eta irabazi asmorik ez dogunoi geroz eta oztopo gehiago jarten deuskue espazio publikoa erabilteko. Halanda ze, instituzinoek lehentasuna emoten deutse irabazi asmoko jarduerei.
Autogestinoan oinarritutakoei zailtasun gehiago jarten deuskue. Arriskuan jarri dabe adierazpen kolektiboen etorkizuna, irabazi asmorik gabeko txosna eta jaiena.
Jai eredu hau Euskal Herrian hain errotuta egonda, anomalia da gure izaera ez autortzea, baita administrazinoak ez izatea gure beharretara egokitutako esparrurik be. Ez gara enpresak, ez gara ekitaldi komertzialak, boluntarioak gara. Ondo paseta kontu serioa da. Txosnak gure herriaren parte dira eta babestu egin behar ditugu.
Urtero atontzen gara milaka eta milaka persona jai herrikoiak eduki ahal izateko gure herri eta auzoetan. Ahalegin hori da gure altxorra, interes ekonomikorik gabe atontzea, herri moduan, herritarren onurarako. Posible dala frogetan dogu urtero, horregaitik sortu dira hainbeste akordu eta emozino. Guretzat, ez dago gauza ederragorik jaiak atontzeari eskaintzen deutsagun denporea baino eta ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite eta guztion artean hainbeste disfrutetan dogun hori arriskuan ikustea baino.
Horregaitik, ekitaldia atondu dogu maiatzaren 31n, 11:30ean, Bilboko Miribillako anfiteatroan, txosnak eta herri-jaiak defendetako. Han ikusiko dogu alkar!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!