Kontseiluak helduen euskalduntzea doban izateko pausu eraginkorrak eskatu ditu
2025-05-08 12:39 Euskerea berbagaiEusko Legebiltzarrean aurkeztu dau proposamena.

Euskalgintzearen Kontseiluak agerraldia egin dau Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera eta Kirol Batzordean. Bertan, helduen euskalduntze eta alfabetatze sektoreagaz alkarlanean landutako Euskerea ezagutzeko beharra helduen artean sustatzeko proposamena aurkeztu dau Kontseiluak. Proposamenak ardatz bi ditu: ikasketak doban izatea eta ikasteko beharra sustatzea. Horretarako tresna bat be jasoten dau: Euskal Herri mailako agentzia bateratua.
Euskerea ezagutzea unibersalizetea helburu Proposamenaren abiaburua 2021ean aurkeztu zan Batuz Aldatu adostasun sozialean dago, askotariko 110 gizarte eragilek sinatutako dokumentua. Bertan, hizkuntza-politiken helburua euskerearen erabilera erosorako baldintzak sortzea izan beharko litzatekeela zehaztu zan eta helburu horri begira, hizkuntza-politikek norabide bi hartu behar ebela: batetik, hizkuntzearen ezagutzearen unibersalizazinoa bultzatzea, herritar guztiek euskeraz egiteko gaitasun egokia izan deien; bestetik, euskerea eroso erabilteko eremuak sortu, garatu eta alkarlotzea, holan nahi dauen edozeinek ez daian izan euskerea erabilteko ezelako eragozpenik.
Euskerearen erabilerea benetan erosoa izan daiten baldintzak sortzeko, ezinbestean euskerea ezagutzea unibersalizetako beharra dago, hau da, herritar guztiek euskeraz egiteko gaitasun egokia izatea. Eta hizkuntza-politikeak helburu hori lortzeko bideratu behar dira gaurtik aurrera.
Kontseiluaren arabera, euskerea ikasteko eskubidea ezin da baldintzatu gaitasun ekonomikoaren arabera. Horregaitik, lehen pausua ikasketen dobakotasunaren beharra aldarrikatu dau, herritarrek ezelako kosturik barik euskerea ikasteko aukerea izan deien. Aurkeztutako proposamenak 2017an aurkeztutako Dobakotasunerazko bidean izeneko txostena osotu eta segidea emoten deutso, herri ekimeneko euskaltegi gehien-gehienen babesa batu ebana: AEK, IKA, Maizpide, Hitzez, Urrats, Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai & By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde euskaltegiak.
Proposamenaren esentzia honakoa da: herritarrak euskerea ikasi ahal izateko dirurik aurreratu beharrik ez izatea, doban ikasten segidu ahal izateko gitxienez % 75eko bertaratzea izatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu beharrik ez izatea, euskalduntze prozesu guztia dobakoa izatea, ikasleak 2.000 orduko ikastordu kreditu mugea izatea eta instituzinoek herri ekimeneko euskaltegiek emoten daben zerbitzu publiko hori osorik finantzietea.
Doban izatea ez da baldintza bakarra, euskerea ikasteko beharra be sustatu behar da, euskerea ikastea gero eta beharrezkoagoa dala transmitidutea. Batuz Aldatu dokumentuan adierazo bezela, motibazino-mueta bi landu behar dira, herritarrek euskerea ikasteko eta erabilteko erabagia edo hautua egin deien: motibazio pragmatikoa eta motibazino afektiboa. Eta, horrezaz gan, hizkuntza-politikako zenbait neurri hartu behar dira lehentasunezko zenbait eremutan (administrazinoa, hezkuntzea, eremu sozioekonomikoa, ingurune digitala...), herritarrek euskerea ikasteko erabagia hartu deien.
Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzerako agentzia bateratua
Egungo hizkuntza-politikearen koordinazino faltea be salatu dau Kontseiluak: Euskal Herri osoa hartuko dauen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten preminea dogu: agentzia bat. Agentzia horrek, honako egitekoak izango leukez: ikasketak doban dirala bermatzea, glotodidaktikan ikerketea egitea eta irakasleen prestakuntzea hobetzea, material didaktikoa sortzea, azterketa batzorde bakarra sortzea hizkuntza-eskakizunen sistemea gainditu bitartean, herritar guztiei euskerea ikastea beharrezkoa dala pentsarazoteko hizkuntza-politika koordinetea eta herritarrak euskera ikasi deien bultzatzeko komunikazino-kanpainei ekitea. Agentzia erakunde publiko eta herri ekimeneko ordezkariek osotuko leukie: Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua, Euskerearen Erakunde Publikoa, Euskalgintzearen Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.
Euskalgintzeak askotan azpimarratu dauen lez, helduen euskalduntzearen sektorea estrategikoa da euskerearen normalizazino eta bizibarritzearen bidean. Horrenbestez, bultzatu eta indartu behar dan jardunbidea da, bai helduaroan euskeraz ikasi nahi dabenei aukerak eskaintzeko, bai sistema formaletik behar ainako gaitasunik barik geratu diran herritarrak barriro euskerara hurreratzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!