Santutxuko 'Udaberriko Bertso Saioak' zikloa zapatuan hasiko da

Bizkaie! 2025-05-08 10:33   Bertsolaritzea

Maitzaren 10etik 31ra arte.

Bilboko Udalak, Santutxuko Bertso Eskoleagaz batera, Udaberriko Bertso Saioa zikloa atondu dau. Beraz, Santutxuko Karmelo plazan hiru bertso saio egingo dira maiatzaren 10, 17 eta 24an. Ganera, barikuan, hilak 30, betiko bertso-poteoa egingo da, 20:00etan hasita, Karmelo kaleko 7. zenbakian.

41. Udaberriko Bertso Saioak euskaltzaleentzako topagune bihurtu da eta Santutxuko Bertso Eskolak egiten dauen lana babesteaz gan, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasotako helburuetako bat da.

Aurtongo edizinoan 14 bertsolari, 7 emakume, 6 gizon eta genero ez-binarioko bertsolari bat izango dira, lau belaunalditako ordezkariak. Holan, aurton hiru estreinauko dira Udaberriko Bertso Saioaken (Aner Euzkitze, Aroa Arrizubieta eta Maite Sarasola) eta beste sei beteranoak dira (Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Oihana Bartra, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi).

Bertsolarien artean sei bizkaitar dagoz, horreetako bi bilbotarrak: Santutxu eta Deustuko bertso-eskoletakoak hain zuzen be. Lau Gipuzkoakoak dira, Iparraldekoak bi, bat arabarra eta bestea nafarra. Saioak azken txapelketetako sei irabazle izango ditu: Alaia Martin (Gipuzkoa 2024), Aroa Arrizubieta (Araba 2024), Julio Soto (Nafarroa 2023), Nerea Ibarzabal (Bizkaia 2023), Amets Arzallus (Iparralde 2021) eta Maialen Lujanbio (Euskal Herria 2022). Topaketa bakotxeko gaiak Santutxuko Bertso Eskolak proponiduko ditu eta ondoko gai-jartzaile honeek aurkeztuko ditue: Irati Erkizia, Iker Uribarren eta Haizea Telleria.

Ohiko bertso-poteoa maiatzaren 30ean, barikuan, izango da eta 20:00etan hasiko da Karmelo kaleko 7. zenbakian. Iker Uribarrenek gidatuta eta Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriagaren partaidetzea izango dau. Karmelo kaleaz gan, Ricardo Bastida plaza eta Arsuaga kalea zeharkatuko ditue.

Programea

  • Maiatzak 10, zapatua (Santutxuko Karmelo Plaza, 13:00etan): Oihana Bartra. Aissa Intxausti. Julio Soto. Beñat Gaztelumendi. Gai-jartzailea: Irati Erkizia.
  • Maiatzak 17, zapatua (Santutxuko Karmelo Plaza, 13:00etan): Alaia Martin. Amets Arzallus. Arkaitz Zipitria. Aroa Arrizubieta. Gai-jartzailea: Iker Uribarren.
  • Maiatzak 24, zapatua (Santutxuko Karmelo Plaza, 13:00etan): Maialen Lujanbio. Maite Sarasola. Aner Euzkitze. Sustrai Colina. Gai-jartzailea: Haizea Telleria.
  • Maiatzak 30, barikua (Karmelo kaletik hasita, 20:00etan): Nerea Ibarzabal. Unai Iturriaga. Gidaria: Iker Uribarren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu