Idoia Soloresek eta Alfonso Aijonek Donostiako Orfeioa - UPV/EHU saria jaso dabe

Bizkaie! 2025-05-08 09:43   Musikea

Sari banaketea maiatzaren 15an izango da.

Idoia Solores eta Alfonso Aijon. | Ikusi handiago | Argazki originala

Alfonso Aijón Ibermusicako sortzaileak eta Idoia Solores ikertzaileak Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria irabazi dabe. Sariketearen hogeita laugarren edizinoa da aurtengoa. Ondoko honeek dira helburuak: musika sorkuntzako ibilbide profesionala autortzea eta musika arloko ikerketea sustatzea.
 
Idoia Solores ikertzaileak Musika ikerketa sustatu eta indartzea kategorian jaso dau saria, La construcción estético-moral de la Pasión según San Mateo de J.S. Bach y su persistencia en el tiempo izeneko lanagaitik. Era berean, musika klasikoko kontzertuen sustapenean egindako lanagaitik eta izandako ibilbide nabarmenagaitik jaso dau saria Alfonso Aijón sustatzaileak.
 
Sari banaketea maiatzaren 15an egingo dabe, 19:00etan, Euskal Herriko Unibersidadeko Ignacio Maria Barriola Zentroan, Donostian. Ekitaldi horretan parte hartuko dabe Donostiako Orfeoiaren presidenteak, Antxon Eloseguik eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Juana Goizuetak. Ekitaldia amaitzean, Donostiako Orfeoiko ordezkariak erakustaldi laburra egingo dabe. Sartzea doban izango da, lekua bete arte.
 
Alfonso Aijonek 1970ean sortu eban Ibermusica, Espainian dagoan musika klasikoko enpresa pribatu handiena. Artisten agentzia bezela hasi ondoren, Ibermusica erreferentzia bihurtu zan Europan musika klasikoko kontzertuen sustapenean. Lehen aldiz New York Philharmonic, Chicago Symphony, London Symphony Orchestra edo Montrealgo Orchestre Symphonique lako orkestrak eroan zituan Espainiara. Ganera, Aijonek maisu handiak haren orkestra propioekaz Espainiara lehen aldiz eroatea lortu eban: Yevgueni Mravinski, Claudio Abbado, Georg Solti, Leonard Bernstein, Riccardo Muti edo Pierre Boulez.
 
Idoia Solores Etxabe doktorea da (Cum Laude aitamena) doktore-tesiagaz: La construcción estético-moral de la Pasión según san Mateo de J.S. Bach y su persistencia en el tiempo, Filosofia, Zientzia eta Balioak programearen barruan, Javier Aguirre Santosen (UPV/EHU) eta Luis Antonio González Marinen (CSIC) zuzendaritzapean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu