Bidaia Euskadiko LGBTI+ historian zehar

Bizkaie! 2025-05-07 12:37   Pil-pilean

Bisita gidatuak Bilbon, burruka eta erresistentzia ezagutarazoteko.

Danetara, 15 bisita eskainiko dira 2025ean, hilebete bakotxeko hirugarren zapatuan, eguerdiko 12:00etan. Bisiten egutegia maiatzaren 17ko eguerdiko 13:00ean hasiko da, LGTBI+fobiaren kontrako Nazinoarteko Egunean. Gainerako bisitak bagilaren 21ean eta 22an, garagarrilaren 19an, abuztuaren 23an eta 24an, irailaren 20an, urriaren 18an, zemendiaren 15ean eta abenduaren 20an eta 27an izango dira. Egun garrantzitsuetan eskaintzea indartu egingo da, besteak beste, Harrotasunaren Egunean, Aste Nagusian edo Gabonetan.

Bisita horreetako berezitasun bat da ikus-entzunezko materiala dagoala, errepresinoa bizi izan eben LGBTI+ personen benetako testigantzak erakusteko. www.bilbaoBizkaiaPRIDE.com webgunearen bidez emon daiteke izena edo visitasguiadasLGBT@ortzadarlgbt.eus helbide elektronikoaren bidez (3 euroan).

Ortzadar LGBTk, Bilboko Udalaren laguntzeaga, bisita gidatuen urteko egutegia aurkeztu dau. Egutegiak, lehenengo aldiz, programazino finko bat eskainiko dau uriko eta Euskadiko LGBTI+ kolektiboaren historia ezagutzeko. Hainbat urtez bisita horreek noizean behin programau ondoren, 2025ean ibilbide historiko hori erregulartasunez egiteko aukerea dago orain; ekimen honen helburua da, ondare bat partekatu eta belaunaldien, emozinoen eta gomuten arteko zubiak eregitea.

Bisitak diseinetako ikerketa historiko zorrotzak egin dira eta, horri esker, Bilboko hainbat espaziotan ibilbide bi egin ahal izan dira. Lehenengoak, Euskadiko LGBTI+ kolektiboaren historia izenekoak, LGBTI+ eskubideen aldeko burrukearen mugarri garrantzitsuenen ikuspegi kronologikoa eskaintzen dau eta bilakaera horren oinarrizko momentuak sakon ezagutzeko aukerea emoten dau. Bigarren ibilbidean, Kultura, aisia eta giroa izenburuakoan azaltzen da zelan LGBTI+ personek euren lengoaia berezia (bai bisuala, bai gorputzarena) sortu eben, zentsura eta jazarpen giroan alkar identifikau ahal izateko eta zelan kultura eta aisialdia erresistentziarako eta babeserako tresna bihurtu ziran. Ibilbide bietan, ikusgarritasun berezia emoten jako LBTI+ emakumeen eta transexualen burrukeari: askotan ez dira guztiz ordezkatuta egon LGBTI+ burrukan, baina hareen ekarpena oinarrizkoa izan da bardintasunerako bidean.

Prentsaurrekoan izan dira Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bardintasun eta Jaietako zinegotziak eta Nagore Espin eta Aratz Castro Ortzadar LGTBI alkarteko presidenteak eta koordinatzaileak, hurranez hurran.

Aratz Castrok zehaztu dauenez, bisitaldia talde txikietan egingo da (25 lagun gehienez), esperientzia hurbilago eta personalizatuagoa izan daiten. Bisitak gida profesional batek egingo ditu, kalidadea eta zehaztasuna bermatuz. Momentu historiko horreek bizi izan zituen personek azaldutako testigantza errealak jasotzen dituen ikus-entzunezko materiala egongo da. Horri esker, parte-hartzaileek, jazoerak ezagutzeaz gan, gure Herrian LGBTI+ kolektiboaren bilakaerea markau eben emozinoa, burrukea, erresistentzia eta itxaropena sentiduko ditue.

Itziar Urtasun zinegotziaren eretxiz, bisita gidatuen helburua da gizartea sensibilizetea LGBTI+ kolektiboaren historiaren garrantziaz, omenaldi zintzoa eginez errepresinoaren eta bidebakokerien kontra gogor bibili ziranei, Stonewalleko istilu ausartak eta eta Euskadikoak nabarmenduz. Aldi berean, kausa horretan sinistu eben persona jakin batzuen lana autortu nahi dogu, besteak beste, Ángel Cuerda Gasteizko alkatearena, 1994an izatezko bikoteen erregistroa onartu baitzeban, baita homosexualenak be edo burruka horren mugarriak, Berdindu Zerbitzuaren sorrerea 2002an edo Euskadiko Trans Lege aurrendariaren onarpena 2012an, Eusko Legebiltzarrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu