XIII. Rockeinen izena emoteko epea bagilaren 26an zarratuko da

Bizkaie! 2025-05-07 08:36   Musikea

Aurton, Bizkaia Saria gehitu dabe.

Leixuri Arrizabalaga, Ben Santana eta Asier Iragorri. | Ikusi handiago | Argazki originala

Basauriko Udalak Rockein Musika Lehiaketea atondu dau, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzenduta.

Izena emoteko epea bagilaren 26ra arte egongo da edegita. Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osotutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu eta Basauriko Social Antzokian ibiliko dira zemendiaren 1ean (zapatua). Gau horretan bertan erabagiko eta jakinarazoko dau epaimahaiak artista irabazleak.

Bizkaiko Foru Aldundia, Euskerea, Kulturea eta Kirol Sailaren bitartez, lehiaketearen erakunde laguntzaile izatera bueltau da. Ondorioz, Bizkaia Saria sortu da, Bizkaiko artista onenak Bilboko El Tigre estudioetan EP profesionala grabetea eta 2026ko MAZ Basauri festibalean jotera eroango dauena.

Igazko irabazleak, Ben Santanak, Prólogo izeneko EPa eta Ay mi nena / Créditos finales abestiaren bideoklipa aurkeztu ditu prentsaurrekoak, jasotako sariaren ondorioz produzidutakoak biak.

Rockein 2013an hasi zan, talentu musikala detektetako eta sustatzeko Basaurin atondutako aurreko beste lehiaketa batzuen lekukoa hartuz. Aurreko egitasmoetako sariei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehitu jaken. Ganera, lehiaketeak MAZ Basauri musika-zikloagaz dauen loturea finkatu dau.

Asier Iragorrik, Basauriko alkateak, ondokoa adierazo dau: Rockeinek bederatzi urte jarraian daroa parte-hartze errekorra hausten. 2024an 195 artistak eman eben izena. Azken urteoan, Sara Zozaya, Silitia, Lova Lois edo Ben Santana lako talde eta bakarlariak agertu jakuz. Igaz proiektua indartu genduan, tokiko kategoriaren estaldurea Hego Uribe osora edegiz eta sari hori hobetuz. Era berean, musikearen sektorean emakumeen parte-hartzea sustatzearen alde egin da. Aurton, beste urrats bat emongo dogu musika-talentua sustatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzeari esker.

Bestalde, Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea, Kulturea eta Kirol diputaduak, ondokoa nabarmendu dau: Rockeinek artista bizkaitarrak hartzen ditu, azken urteotan parte-hartzaile guztien %60 eta %70a artean egon dana. 2024an euskerazko artista onenaren saria irabazteko 55 hautagai izan ziran. Lehiaketeak, era berean, emakumeak musika-sorkuntzara eta zuzeneko musikearen sektorera erakartzeko politikak apliketan ditu. Horreezaz gan, komunikazino-inpaktua, hurreratasuna eta dobako sarbidea gehitu behar jako.

Parte-hartzeko baldintzak

  • Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) edo Nafarroan jaiotako edo berton bizi dan taldekide bat izatea, gitxienez.
  • Hego Uribeko artista onenaren saria eskuratu ahal izateko: Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugao-Miraballesen, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako taldekide bat izatea, gitxienez.
  • Bizkaia saria eskuratu ahal izateko: Bizkaian erroldatutako taldekide bat izatea, gitxienez. Eskarabilera Saria eskuratu ahal izateko: taldeko kideen %50a gitxienez emakumeak izatea.
  • Taldekideak 16 urtetik gorakoak izatea.
  • Izena emoteko momentuan ez izatea disko bat baino gehiago argitaratuta, kontratu diskografiko bati lotuta dagoan edo ez kontuan hartu gabe.
  • Abestiak originalak izatea.
  • Musika-estilo guztiak onartzen dira.
  • Aurretik Rockeinen izena emondako talde guztiek parte-hartzeko aukerea dabe, beti be, aitatutako baldintzak betez.

Sariak

- Kategoria nagusiko artista onena:

  • EP profesionala (gitxienez bost abesti) grabetea Bilboko El Tigre estudioetan.
  • Bideoklip profesionala grabetea
  • Kontzertua MAZ Basauri festibalean.

- Hego Uribeko artistarik onena:

  • Bideoklip profesionala grabetea.
  • Kontzertua MAZ Basauri festibalean.

- Bizkaia Saria:

  • EP profesionala (gitxienez bost abesti) grabetea Bilboko El Tigre estudioetan:
  • Kontzertua MAZ Basauri festibalean.

- Euskerazko artistarik onena:

  • Kontzertua MAZ Basauri festibalean.

- Eskarabilera Saria:

  • Kontzertua MAZ Basauri festibalean.

Informaizno gehiago eta izen-emotea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu