Kresalak eta euskerearen indarrak bat egingo dabe XXXI. Arrain Azokan
2025-05-06 13:55 azokakItsasoagaz lotutako emakumeentzat izango da XXVIII. Hegaluze Saria.

Aurten ere, itsasoari lotutako tradizinoak eta kulturea izango dira Bermeon, maiatzaren 16tik 18ra. Oraingoan, azokearen bidea Euskaraldiagaz buztartuko da. Ekimen bi horreen eskutik helduta egingo dabe aurrera, bakotxak bere esentziagaz eta helburuakaz baina alkar aberastuz. Horren adierazgarri da, besteak beste, aurtengo Arrain Azokako kartelak Bermeoko euskereari egin deutson keinua: galzorian edo arriskuan dagozan berbak ezabatuta edo agiri dira, gure hizkuntzearen larritasunaz eta edertasunaz ohartarazoz.
Egitarauko jarduera gehienak euskeraz eskaini gura dira, euskerearen presentzia bermatzeko, baina inor ez baztertzeko, ekitaldietako batzuk gaztelaniara itzuliko dira Arrain Azokako YouTube kanalean.
Arrain Azokeak Euskaraldiagaz bat egiteaz gan, maiatzaren 17an LGTBI+ Fobiaren Kontrako Nazinoarteko Eguna ospatzen da eta maiatzaren 18an, Itsas Sektoreko Emakumeen Nazinoarteko Eguna. Egun horreekaz be bat egingo dau aurtengo azokeak.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk ondokoa azpimarratu dau: Arrain Azokea herriko ekitaldi nagusietako bat da gure produktuen, kulturearen eta nortasunaren erakusleiho onena. Harro gagoz gure konserbak eta itsas ondarea erakusteaz eta, era berean, mahoizko erropea jantzita udako jai-denporaldiari hasiera emotea gustetan jaku. Arrain Azoka kulturearen eta ekonomiaren aldeko jarrera sendoa da.
Milaka bisitari erakarten dituan azoka honek Bermeoko izakereari eta historiari egiten deutso gorazarre eta urteen porasuz, erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Horregaitik, alkateak gaineratu dauenez, itsasoari lotutako gure ondarea eta ekonomia jagoteko eta ezagutzera emoteko erronkeagaz dator, jasangarritasuna, alkartasuna eta identidadea kontuan hartuta.
Alkateak jakitera emon dauenez, Arrain Azokan 18 saltoki egongo dira eta enpresa zein erakundeek beren produktuak eskainiko ditue herritarrek eta bisitariek probau eta erosteko. Arrain mundura hurreratzeko aukerea be izango da eta azokeak ordutegi jarraitua izango du: barikuan eta zapatuan 11:00etatik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara.
Barrikuntzak eta klasikoak alkarregaz
Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikoko zinegotziak jarraitu dau Arrain Azokaren aurtengo programazinoa azaltzen. Aurten, barrikuntza interesgarriak izango dirala nabarmendu dau. Adibidez, Arrain Azokako Pintxo lehiaketako final handia barikuan jokatuko da eta hiru tabernaren artean egongo da lehia: Kafe Antzokia, Toki Alai eta Beti Ondo. Lagunarteko pintxo lehiaketan, barriz, lagun talde bi ibiliko dira lehian. Horrezaz gan, zapatuan, orain arteko ohiko habanerak euskal kanta herrikoiek ordezkatuko ditue, Josepa Kale Kalekoen eskutik. Eta kantuei mobimentua jarteaz arduratuko dira Ross Dantza Eskolako jantzariak.
Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC) be lekua izango dau Arrain Azokan, produktua probetako tailer bereziakaz. Ume zein helduentzako tailerrak egongo dira, tunidoen arteko ezbardintasunak ezagutzeko. Parte hartu gura dabenek aldez aurretik tiketa eskuratu beharko dabe Turismo Bulegoan. Umeek 5 euro ordaindu beharko ditue eta helduek 10 euro.
Umeentzako eskaintza berezia be ezin ahaztu, izan be, Galerna belaontziagaz ibiladitxuak edo Izan Arrantzale tailerra Kofradia Itxas-Etxea taldearen eskutik.
Aurten be ez dira faltako arrain salmenta erakustaldiak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan itsasoratzea, edota Arrantzaleen Museora dobako sarrerea. Klasiko horreez gan, beste urte batez, herriko kirol eta kultur taldeek protagonismo berezia izango dabe: hareei esker, Arrain Azokako egitaraua kultur eta jai giroz beteko da: fanfarreak, jantzak, tanborradea, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroak kaleetan ibiliko dira. Eta estropadak eta pelota eta zesta partiduak be ezin ahaztu.
Caruezok eskerrak emon deutsee kirol eta kultur talde guztiei: zuek barik, ez ginateke ezer. Eskerrik asko zuen konpromisoagaitik eta Arrain Azokako egitaraua osotzeko egindako lanagaitik, alkartasuna be oso garrantzitsua da Arrain Azokan. Horregaitik, Lamerako karpan kokatuko da aurten be Solidaritza Gunea. Bertan marmitako eta hegaluze errea probetako aukerea egongo da, boluntarioen laguntzeari esker. Etxera eroateko asmoa dabenek, ontzi propioa ekartea eskatzen da. Batutako dirua Bermeoko 6 eta 12 urte arteko umeen tratamenduetarako bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dituan beharrak asetzeko.
Bestalde, aurtengo azokeak laguntza eta informazino puntuak izango ditu. Gurutze Gorria bertan egongo da hiru egunetan. Zapatuan, batetik, droga menpekotasunari buruzko informazinoa emateko puntua egongo da 13:00etik aurrera Lameran, eta bestetik, Portuzarrean, Puntu Morea jarriko da, 20:00etatik 01:00etara.
Hegaluze Saria
Arrain Azoka alkarteko presidentea be dan Bermeoko alkateak emon dau jakitera aurtengo Hegaluze Saria nork jasoko dauen. Arrain Azoka alkarteak erabagi dau, aurten itsasoagaz lotutako emakumeei ematea XXVIII. Hegaluze Saria, sektorearen hainbat arlotan daben oinarrizko ekarpena zabaldu eta balioan jarteko helburuagaz. Arrantzeagaz lotutako lanbide tradizionalak jorratu dituena eta gaur egungo barrikuntza, ikerketa edo kostaldearen kudeaketa gidatzen dituenak, arrantzale, konserbagile, armadore edo itsas kulturearen jagoleak.
Autorpen honek esangura berezia hartzen dau, Arrain Azokako domekan Itsas Sektorean dabizen Emakumeen Nazinoarteko Eguna ospatzen baita. Egun horrek gure portuetako esentzia eta memoria kolektiboa dakarz gogora.
Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen arloko arduradunak ondokoa nabarmendu dau: herritarrei konsumo-ohiturei buruz galdetzen deutsegunean, hurbileko produktuaren alde egin gura dabela esaten deuskue: herritarren % 71k bertako produktuak eta gure kostaldeko arrainak gehiago konsumidu gura ditute. Etorkizun ekonomiko iraunkorrerako oinarrizko sektorea da eta horregaitik, BBKn bere alde egiten
jarraituko dogu, kalidadeko eta ingurumenaren aurreko errespetuzko produktuen alde eginez.
Azken buruan, XXXI. Arrain Azokako programea oso zabala da. Egitarau osoa eta eguneraketak https://bizibermeo.eus/arrainazoka/ webgunean eta sare sozialetan jarraitu daitekez: Facebook (@arrainazoka), Instagram (bermeokoarrainazoka) eta YouTube (Arrain Azoka Bermeo).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!