Lea-Artibaiko baliabideak ezagutarazoteko helburuari eutsiz
2023-10-10 09:34 azokakLea Artibai Fest 2023.
Astegoien bitan (21ean eta 22an; eta 28an eta 29an) egingo da eta eskualdeko geologia, kulturea eta gastronomia barrubatzen dituan 6 jarduera eskainiko ditu. Hurreratzen diranek abentura, esplorazino eta jatekoak ptobetako saioak izango ditue.
Egitaraua urriaren 21ean (zapatua) hasiko da Ispasterren ibilbide geologiko bategaz; bertan, parte-hartzaileek Ogella hondartzako harribitxi naturala arakatu eta eskualdeko milaka urteko geologia ezagutuko dabe. Hasi aurretik, hamaiketakoa egingo dabe herriko tabernan.
Aurten be, Leartibai Fundazinoaren ekimenez, Lea Artibai Fest egingo da urrian zehar, Lea-Artibai eskualdeko baliabide ezezagunenak modu ludiko eta lasaian ezagutarazoteko helburuari eutsiz.
Hurrengo egunean, urriaren 22an, alkargunea Lekeitio izango da. Goizean zehar, txakolinaren ibilbidea eginez, Lekeitioko eta Lea-Artibaiko tradizino hau ezagutarazoko da, Bizkaiko txakolin-dolarerik zaharrenetik hasi eta gaur egungo upeltegira arte. Bisitea amaitzeko, bertako produktuak probauko dira Trinkete tabernan.
Arratsaldean, barriz, Lekeitioko Jasokunde Andre Mariaren Basilikara bisita gidatua egingo da eta indarbarritzeko, parte-hartzaileek jatekoa edo edatekoa probauko dabe Silken Uribarren Jauregian, badiara eta islara begira.
Bigarren astegoienean, jarduerak Markina-Xemeinen hasiko dira. Urriaren 28an (zapatuan) argazkizaleek argazki rally interesgarri bat egiteko aukerea izango dabe herriko ondarea ezagutzen daben bitartean. Ondoren, Urko Ibilbidean zehar Etxebarriako Antsotegi Hotelera helduko dira eta hor gaztandegi ospetsuetako produktuak probauko ditue.
Edizino hau amaitzeko, urriaren 29an, Ondarroako kultura eta itsas bizitzea izango dira berbagai herriko neskatilek gidatutako bisitan. Arrantzarekin lotutako lanbideak eta emakumeek Kantauriko portuetan daben garrantziaren inguruko azalpenak emongo ditue eta horrezaz gan, arrain freskoa probauko dabe neskatilakaz batera.
Arratsaldean, Zianotipia sormen tailerra eskainiko da Arropaineko Arragua gunean (Ispaster-Lekeitio). Bertan, parte-hartzaileek, tradizinoa eta sormena buztartuz, zianotipiaren argazki-teknikeagaz esperimentauko dabe eguzkiaren argiagaz konposizino eta argazki analogikoak sortzeko.
Jarduerotan parte hartzeko izena emon behar da www.leaartibaiturismo.com webgunean eta hor ekitaldi bakotxaren inguruko informazinoa be konsultau leike interesa dauenak. Informazino gehiago edo dudaren bat izan ezkero, Leartibai Fundazinoagaz jarri daiteke hartu-emonetan 94 616 91 72 zenbakian.
Jarduera guztiak Leartibai Fundazinoak atontzen ditu, tokiko enpresakaz alkarlanean eta Hamen Bertokoa zigilupean produktak probetako saioak egiten dira, Lea Artibaiko aberastasun gastronomikoa balioztatzeko tokiko produktoreak batzen dituenak. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzeak finantziatua dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!