Astegoienean, publikoak argitaletxe, fanzine eta artisten lanak ezagutu eta erosi ahal izango ditu

Bizkaie! 2024-12-11 07:49   azokak

BALA argitalpen-azokea Bilboko erdigunera bueltauko da abenduaren 12tik 15era.

La Granja kafe-taberna zaharra. | Ikusi handiago | Argazki originala


Bilboko Arte Liburu Azokea La Granja kafe-taberna zaharrean izango da, ale artistikoen erakusketa eta salmenteari eskainia: aurkezpenak, berbaldiak, tailer espezializatuak eta kontzertuz betetako programazinoa.

BALAk 40 stand izango ditu, bertoko eta nazinoarteko argitaletxe, fanzine eta artistakaz, besteak este, Nina Izycka poloniarra, Lupemacanudo, Boliviarra, Julie Legrand frantziarra, Lafat Bordieu txilerra eta Neoglyphic Media estadubatuarra. Erakusmahaietan nobedadeak eta askotariko materiala eskainiko dabe, pare bako pieza askogaz, ohiko kanalen edo liburu-denden bidez lortzen gatxak diranak. Liburuak eta komikiak, laminak, fanzineak, cassetteak, kamisetak eta bestelako material bereziak erosi ahal izango ditugu.

Erakusmahaietan, besteak beste, Banizu Nizuke, Adela.Iau, Smoke Signals Studio, Naubis liburu-dendea, Srta. Antonia, Siarte Ed., Fritanga Fanzines, Lula Simon, Federica Bau, Culebra Ediciones, Petra Tatuajes, Hibernando, Bajocalle Gráfika, Kaixo Con Amor, Noctis Photo, Rodillo eta Lafat Bordieu izango dira.

Ganerakoan, Voltaire Lab, Mabel Esteban zeramikaria, Brillo Editorial, Jan Barceló serigrafoa, Arte Mistoen Laborategia eta Nagore Legarreta argazkilaria lako proiektuen aurkezpenak izango dira programan.

Aurtengo nobedade nagusia Bilboko erdigunera bueltetea da, La Granja kafe-taberna zaharraren espaziora, hain zuzen be. BALAk bere espiritu nomadea berreskuratu eta uriko espazio enblematikoak konkistetan ditu. Formatu konbentzionalak gainditu eta liburuaren esperimentazinoaren eta ikerketa artistikoaren eremuetan objektu, pieza bakar edo tirada bereziko edizino-moduei eskainitakoak.

Saltokiez gan, BALA programazinoa eguenean, hilaren 12an, azoka Atxuriraino zabalduko da Voltaire.lab serigrafia tailerrean Euskal Irudigileak alkartearen 20 urteei buruzko erakusketeagaz.

Barikuan, arratsaldeko 18:00etan, David Hornback estadubatuarraren argazki estenopeikoari buruzko berbaldi bategaz, ANT Espazioko Vis a vis koadernoetara hurreraketa bategaz eta Mabel Estebanen Algunas criaturas de agua eta La muda komikien aurkezpenagaz.

Zapatuko topaketak etenbako formatuan izango dira, 30 minutuko aurkezpenakaz: eguerdiko 12:00etan hasiko dira Voltaire.lab serigrafia gunearen aurkezpenagaz. Brillo Editorial eta Jan Barceló serigrafoak jarraituko dabe goizean; 18:00etatik aurrera, Laboratorio de Artes Mixtas de Guadalajararen, Nina Izycka artistearen eta Lupemacanudo editore boliviarraren txandea izango da.

Joseba Irazokiren kontzertuak zarratuko dau eguna.

Domekan eguerdiko 12:00etan, Nagore Legarreta argazkilariak Indiara egindako bidaiaren gorabeherak azalduko ditu. Ondoren, Maria Urcelayren Un ratito bakarrizketa komiko eta aldarrikatzaileaz eta Ibon RG musikari esperimentalaren kontzertuaz gozetako aukerea izango da.

Erakusmahaiak zabalik egongo dira 16:00etatik 21:00etara barikuan, 11:00etatik 21:00etara zapatuan eta 11:00etatik 18:00etara domekan.

BALA Banizu Nizukek atontzen dau eta Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesa dau.

Egitarau osoa eta stand eta artistei buruzko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu