Bermeoko XXX. Arrain Azokea sustraietara bueltauko da, maiatzaren 17, 18 eta 19an
2024-05-09 13:42 azokakBego Gangoiti Canga Arrain Azokearen sortzaileak jasoko dau XXVII. Hegaluze Saria.
Ezkerretik eskumara, Arkaitz Pascual Nautika Eskolako irakaslea, Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikoko zinegotzia, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Arrain Azoka elkarteko presidentea eta Leire Zarate BBK-ko Ingurumen arloko arduraduna.
Azokeak 30. urteurrena ospatuko dau aurten sustraietara buelta eginez. Modu horretara, hegaluzea kozinetako teknika tradizionalak gogora ekarriko dira: hegaluzea betiko moduan, hau da, etxean egiten dan moduan zatitzen ikasteko aukerea izango dogu, baita etxean beti egin izan dan moduan kozinetan, esan dau gaur XXX. Arrain Azokea aurkezteko prentsaurrekoan, Bermeoko alkatea eta Arrain Azoka alkarteko presidentea dan Nadia Nemeh Shomalik.
Alkateak gogorarazo dau Arrain Azoka Bermeoko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat dala: gure produktuen, kulturearen eta nortasunaren erakusleiho onena da. Harro gagoz gure konserbak eta itsasoagaz estu lotutako ondarea erakusteaz eta mahoizko erropak jantzi eta udako jai-denporaldiari hasierea emotea be gustetan jaku. Arrain Azoka Bermeoko kulturearen eta ekonomiaren aldeko jarrerea da.
Esangura horretan, Bermeoko herriarentzat azoka honek dauen garrantzia azpimarratu dau: era honetako lehenengo azokea izan zan Euskal Herrian, aitzindariak izan ginan orain 30 urte. Erreferenteak izan gara eta holan jarraitu gura dogu. Jarraian, Arrain Azokearen erronka garrantzitsuak nabarmendu ditu: itsasoari lotutako gure ondarea eta ekonomia jagotea eta ezagutzera emotea, ingurumenaren eta kulturearen aurrean jasangarriak eta alkartasuna aldarrikatzen doguz.
Arrain Azokearen hiru hamarkada honeetan, horren guztiaren parte garrantzitsu izan diran arrantza, arrain konserba lantegiak eta herria islatu gura izan dira aurtengo karteletan eta horregaitik hiru kartel egin dira, hamarkada bakotxeko bat.
Aurtengo Arrain Azokan 18 erakustoki egongo dira eta horreetan enpresek eta erakundeek euren produktuak eskainiko ditue herritarrek eta bisitariek probetako eta erosi ahal izateko eta, horrezaz gan, arrantza mundua erakutsiko dabe.
Ordutegiari jagokonez, barikuan 11:00etatik 20:00etara, zapatuan 11:00etatik 21:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara.
Aurtengo edizinoan sustraietara salto egin gura danez, hegaluzea zatitzeko eta kozinetako teknika tradizionalak azalduko ditu Biotza Arostegi sukaldari bermeotarrak, zapatuan eta domekan, Lamerako Gune Gastronomikoan: oso ondo dagoz gaur egungo teknika moderno eta sofistikatuak, baina ezin ditugu ahaztu teknika tradizionalak, betikoak, gure etxeetan ikusi ditugunak. Eta ahaztu ez daitezen, horrek guztiak gogoratuko deuskuz Biotza Arostegi sukaldari bermeotarrak, Arrain Azokearen barruan, adierazo dau Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikoaren zinegotziak.
Nobedadeak be iragarri ditue: Bermeo Tuna World Capital (BTWC) alkarteak jasangarritasuna bermatzen dauen bertoko atunagaz egindako pintxo bereziak jarriko ditu bertaratutakoen eskura, 2 euroan. Kostako enpresea be Arrain Azokan egongo da XX. mendeko Bermeoko portuko flotaren istorio grafiko laburra eta abarketa modelo barriak aurkezteko.
Urtero legez, egunero izango dira arrain salmenta itxurak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan urtenaldiak eta Arrantzaleen Museora doban sartzeko aukerea.
Bego Gangoiti Canga
XXX. Arrain Azoka sustraietara bueltauko da eta Arrain Azoka alkarteak erabagi dau sustrai horreek landatzeaz arduratu dan personea izatea XXVII. Hegaluze Saria jasoko dauena: Bego Gangoiti Canga. Bera da Arrain Azoka proiektuaren sortzailea; bere karrera amaierako proiektua izan zan. 1994an egin zan lehenengo Arrain Azokea.
Gangoitik eta taldelanak mimo handiz atondu dabe urtez-urte Arrain Azokea eta aurten 30. urteurrena izanda, Arrain Azoka Alkarteak ikusi dau urte polita eta borobila dala Bego Gangoitiri autortzea egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!