Durangoko 26. Euskal Dendeak upealako erantzuna izan dau

Bizkaie! 2022-12-12 07:40   azokak

33.171 bisitari izan ditu.

Azokeak bost egun eta 33.171 bisitari, hori da Euskal Dendearen 26. edizinoaren laburpena. Durangon abenduko zubian izaten dan artisautzearen hitzordua pandemia aurreko garaietara bueltau da: Datuak sekulakoak dira. Jentearen joan-etorriak etenik bakoak izan dira. Horrek guztiak eragin dau artisauen lanak gustura ikustea eta erosotasunez erostea, adierazo dau Arbaso Artisautza Tradizionalaren Sustapenerako Alkarteko bozeroaileak.

Pandemia ondoren, aurtengoa izan da murrizketa barik egindako lehenengo azokea, baina Euskal dendearen kasuan, aforoa gogoan hartu behar da, leku zarratuan baitago, merkatuko plazan, hain zuzen be. Esangura horretan, ekitaldiaren sustatzaileak zorrotzak dira aforoagaz eta edukiera-mugara heltzen bada, ez jako inori sartzen ixten.

Egunak kontuan hartuta, eguaztenean, inaugurazio egunean, 4.298 pertsona igaro ziran, barikuan, laneguna izanik 5.787 eta domekan 4.139 lagun hurreratu ziran. Egunik indartsuenak, bisitari gehien izan zituenak, jaiegunetan izan ziran, eguenean 11.089 persona hurreratu ziran azokara eta zapatuan 7.758. Danetara, 33.171 bisitari eta eta edizino honetako jentetzeak gorenera eroan dau Euskal Dendea.

Jakina, zenbaki horreek guztiak salmentetan be igarri dira: Artisau guztiek ondo saldu dabe. Ez da inor nabarmendu besteen gainetik, izan be, Euskal Dendara bertaratzen diran artisauek publikoa dabe eta ona da danak pozik dagozala ikustea. Horrek etorkizunari aurre egiteko indarra dakartso sektoreari.

Aurten 50 artisau hartu ditu Euskal Dendeak, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Lapurditik eta Nafarroatik etorritakoak, hain zuzen Be. Aurreko edizinoetako profesional kopuru bera, baina 14 barri izan dira, hau da, azokearen % 28 barritu da.

Gremioei jagokenez, ehungintzea izan da gehien batu dauena: Danetara 11 izan dira. Bitxigintzea, larrugintzea, imitazinozko bitxiak, kosmetikea, egurra, zeramikea, panpingintzea, jostailuak, euskal kirola, makramea, serigrafia, kuia eraldaketea edo lore sikuak segmentuak be nabarmendu behar dira baina nekazaritzako elikagaien sektorea ahaztu barik, besteak beste, turroiak, eztia, pateak, gaztaiak eta gozokiak.

Dagoeneko Arbaso 27. edizinoa atontzen hasi da, aitatu datuen parean edo horreen gainetik ibilteko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu