XV. Ardoaraba azoka enogastronomikoa abenduaren 3tik 8ra

Bizkaie! 2022-11-30 09:34   azokak

Euskadiko kalidadeko ardaoak ezagutu eta probetako aukera ederra.

Abenduaren 3tik 8ra bitartean, Vitoria-Gasteiz Euskadiko erreferente enogastronomikoa izango da: Arabako Errioxako ardao onenak, txakolinak eta Euskal sagardaoa probetako azokea da, eta hogeita hamar bat upategik hartuko dabe parte bertan.

Gasteiz On-ek atontzen dau Ardoaraba, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesari esker.

Azokearen programazinoaren aurkezpenean, Raul Perez Iratxeta, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalidade eta Industriako zuzendariak parte hartu dau eta adierazo dauenez, Ardoarabak ardaoa eta gastronomia Arabako gizarte osora, Euskadiko herritarrakana eta azoka honek hartzen dituan bisitari danakana hurreratzea dakar. Sustapen-ekintza bat, Eusko Jaurlaritzeak egiten dituanen antzekoa, Euskadiko lehen sektorea, sektore estrategiko lez publikoari ezagutarazoteko. Estrategia hori Basque Wine markearen bidez gauzatzen da azken urteotan, upategiek benetako bereizketearen alde lan egin deien, euren posizionamendua hobetzeko bidean aurrera egin deien.

Gure nekazariak, gure mahastizainak, ardaoa egiteaz gain, oinarrizkoak dira gure lurraldea, paisajea eta kultureari eusteko. Euskadi eta Araba ezin dira ulertu mahastiak emoten deutsen nortasunik barik eta horregaitik, pentsetan dogu sano garrantzitsua dala jai honen antzeko sustapen-ekimenak laguntzea zehaztu dau Perez Iratxetak.

Aurten, Ardoarabak Arabako Errioxako ardao onenak, Txakolinak, Euskadiko sagardaoak eta beste izentapen konbidatu batzuk probetako ohiko guneak izango ditu, 0 kilometroko produktuakaz egindako pintxoakaz buztartuta, Probintziako plazann, Foru plazan eta Plaza Barrian. Gainera, historia kontuak ahaztu barik egingo dira probetako saioak uriko jauregietan eta gune berezietan, saltokiakaz eta ostalaritzako lokalakaz alkarlanean eta ez dira faltako txoko gastronomikoa, ardaoaren, txakolinaren, sagardaoaren eta bertako gastronomiaren inguruko programazino didaktikoa.

Horrezaz gan, Summum by Ardoarabaren bigarren edizinoa egingo da, Euskadiko ardaorik berezienak eta nazinoarteko gidetan ondoen balorautakoak probetako gunea, ardaogileen eta ikusleen arteko topaketea, Arabako Errioxako eta Txakolin ardaorik bikainenen ordezkaritza batek bultzatuta. Horreen produkzinoa nazinoarteko merkatuetara zuzenduta egoten da eta gatxa izaten da tokiko merkatuetan probetea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu