Aurten be Gabon Azoka Bermeotarra abenduaren 6tik 8ra
2024-12-04 09:26 azokakBermeoko Udalak eta Berton merkatarien alkarteak elkarlanean atondutakoa da.
Artza frontoian kokatuko da, Bermeoko merkatarien produktuak eskainiko dituan azokea: gure merkatarien lanari balioa emon gura deutsagu eta gure merkataritzea indartu: igaz esan genduan, Gabon aurreko azoka bermeotar hau urtero ospatzeko ohiturea ezartzea da asmoa, eta hemen gagoz bigarren urtez, Gabon Azoka Bermeotarra aurkezten, adierazo dau Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikorako zinegotziak.
Danetara, 23 komertzio eta zerbitzu egongo dira Artza frontoian: Azoka honetan herriko komertzioen produktuak eta zerbitzuak egongo dira eta musikea, jan-edana, umeentzako olgetak eta bestelakoak egongo dira. Azokan produktu bereziak egongo dira eta bertan baino ezingo dira eskuratu. Herritarrak eta merkatariak batzen dituan azokea izango da, herritarren parte-hartzea sustatuko dauena. Gabonetako Azokeak magiaz eta jai giroz beteko dau frontoia eta ingurua, etorri, kuxkuxeau, erosi eta gozau, adierazo dau Berton alkarteko ordezkariak.
Gabon Azoka Bermeotarra goiz eta arratsaldez zabalik egongo da barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 15:30era eta 17:30etik 20:30era eta domekan, goizean baino ez da egongo. Gastroguneak, barriz, goizetik iluntzerako ordutegia izango dau, etenik barik, barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 21:00etara.
Gabon Azoka Bermeotarra sareetan
Ahalik eta difusino zabalena izateko asmoz, atontzaileek ondoko profila zabaldu dabe Instagram sare sozialean: https://www.instagram.com/gabon_azoka_bermiotarra/. Bertan bideoen bidez, astegoieneko azokan parte hartuko dabenen informazinoa dago, baita azokearen nondik norakoak be: jo ta su gabiz beharrean azokea politto geratu daiten, gure bezeroei herrian dituen aukerak ahalik eta modurik politenean aurkeztea da gure asmoa, azaldu dabe.
Gabonetako argiak
Udalerria be badoa Gabonetako giroan sartzen, prest dagoz Gabonetako apaingarriak eta argiak, azken honeek eguenean piztuko dira, abenduaren 5ean. Aurten, Gabonetako argiteria indartu egin da eta barritasunak be badagoz, besteak beste, Lameran jarritako bola eta opari-kutxea, Goiko Plazako argi-sabaia eta udal azokako zugatz barritua.
Nadia Nemeh Shomaly, Bermeoko alkateak, herritarrak eta bisitariak konbidau ditu: “Etorri eta kuxkuxeau, gure herrian komertzio eta zerbitzu oso onak ditugu eta azoka hau aukera ederra da, gurean ditugunak hobeto ezagutzeko. Era berean, Gabonetako giroan sartzeko aukera ederra eskainiko dau, ez galdu aukera!”.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!