XXVII. Euskal Denda, martxan

Bizkaie! 2023-12-06 13:33   azokak

Gaurtik domekara, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era.

Euskal Denda indarbarrituta bueltauko da Durangora, artisau-sektorea inoiz baino biziago dagoala erakusteko asmoz. Aurton, 27. edizinoan, artisauen kopurua handitu egingo da 54ra helduz.

Kopuru horrek % 10 handitzen dau topaketan parte hartuko daben profesionalen kopurua. Arbasok autortu dauenez, eskaintzea handitzeko benetako ahalegina egin da. Horretarako espazioa birbanatu egin dogu, espezialisten presentzia ahalbidetzeko, inoiz heldu ez garen ratiora, azaldu dabe. Alkartearen ustez, hau da gure erreferentziazko azokea, urteko garrantzitsuena da, horregaitik, parte hartzeko eskaera ugari jasoten ditugu. Badakigu zelako garrantzia dauen artisauen eta ikusleen arteko topaketa mueta horrek eta aurten parte-hartzaile gehiago egon daitezen ahalegin berezia egin dogu.

Datorren domekara arte, Euskal Denda Bizkaiko uribildu bihurtzen da eta jardueretara batuko dira zaleak, artisau produktu bakar eta originalak erosten.

Artisauen topaketea Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizinonalaren Sustapenerako Alkarteak atondu dau barriro be. Alkarteak, betiko lez, bertoko produktuen aldeko apustua egingo dau, eskuz egina eta kalidadezkoa.

Edizino honetan, Bizkaiko sektoreak izango dau ordezkaritza handiena, guztizkoaren % 62. Halanda ze, ez dira faltako Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik etorriko diranak. Horrezaz gan, 54 parte-hartzaileetatik 15 Durangon aurkeztu dira lehen aldiz. Bizi garen momentu gogor honeetan sekulako albistea da,  oraindik artisautzan ibili nahi daben profesionalen sinadurak sortzea, baina zorionez, ilusinoa ez jaku falta nabarmendu dabe atontzaileek.

Durangaldeko artisauak be hemen egongo dira, eskualdeko sei izango dira, hain zuzen be. Danak topaketa honetan klasiko handiak, aldi berean, barrikuntza ugari izango dira tailerrakaz eta. Ez da faltako Eneko Unzalu bitxigilea, plaza honetan ezinbesteko hitzordua dauena. Gorakat elorriarrak be ez dau topaketa hau galdu gura, Restaurarte Euskal Dendako klasikoa. Euskal Dendan CY Jantziak, Veletta eta Amalur be izango dira, azken hiru horreek barri-barriak Durangoko plazan.

Plazan batuko diran ohiko gremioez gan, leku berezia izango dabe, besteak beste,  Gorrotxategiren txokolateak, Garrarteren garrapinatuak, Lorez Loreren eztia, Katealderen pateak edo Ziorregiko gaztaiak.



Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu