200 artisau eta gastronomiagune Balmasedako 25. Erdi Aroko Azokan

Bizkaie! 2025-05-05 13:25   azokak

Asteburuan izango da, maiatzaren 9tik 11ra arte.

Maiatzaren 9tik 11ra, Balmaseda historiaz eta fantasiaz jantziko da, Erdi Aroko Azokearen XXV. edizinoan. Urtez urte indarra hartu dauen ekitaldi horrek mugarriak gainditu ditu eta Euskadiko eta Estadu osoko kultur hitzordu garrantzitsuenetakoa bihurtu da.

Hiru egunez, Urigune Historikoa benetako erdi aroko eszenatoki izango da: 200 artisautza eta gastronomiagune baino gehiago, 20 antzerki eta musika konpainia inguru, gaueko formatu handiko ikuskizunak, berreregite historikoak, ogibide zaharren tailerrak eta ume eta familientzako guneak izango dira kalez kale.

Aurton, ganera, jaia goiz hasten da: bariku arratsaldean eta gauean Balmaseda musikaz eta argiz beteko da Celtica Pipes Rock taldearen kontzertuagaz. Gauetan, ganera, Inefable (zapatua) eta Fuego Épico (domeka) izeneko su-ikuskizun bereziak eskainiko dira, batez be, ekitaldirako sortuak.

Uriaren Fundazinoa, 400 herritarrek baino gehiagok antzeztuta

Asteburuaren momentu berezienetako bat izango da Uriaren Fundazinoa antzezpena, zapatuan, maiatzaren 10ean, eguerdiko 12:00etan San Severino Plazan. 400 herritar baino gehiago ibiliko dira aktore lanetan, 1199. urtean jazotakoak berreregiteko: Don Lope Sanchez de Menak Balmasedari Logroñoko forua emon eutsonekoa, Bizkaiko lehen uribildu bihurtuz. Antzezlanak zehetasun historikoa, umorea, zuzeneko musikea eta eszenaratze ikusgarriak buztartuko ditu.

Edade eta interes guztientzako jarduerak eta eskaintzak

Asteburu osoan zehar, egitaraua oso zabala eta askotarikoa izango da danek disfrutau deien:

  • Zoko Arabiarra San Juan Plazan, Ekialde Hurbileko produktuakaz eta artisautza erakustaldiakaz.
  • Ofizio tradizionalen tailerrak, besteak beste, burdineria, zeramikea, hari egitea, beira puztea eta harri landaketea.
  • Gastronomia guneak: tabernak, olagarro-postuak, erretokiak eta probetako guneak.
  • Umeentzako txokoa Horkasitas Lorategietan: erdi aroko 40 joko baino gehiago, xake erraldoia, photocalla eta txapelketak.
  • Errealidade birtualeko bisitak XV. mendeko Balmasedara, Horkasitas Jauregian.

Alfonso San Vicente, Balmasedako alkatearen berbetan, Balmasedako Erdi Aroko Azokea uribilduko arimearen espilua da, lan kolektiboaren, harrotasun lokalaren eta historiagaz dogun konpromisoaren adierazgarri hain zuzen be. Urtez urte, ehunka boluntariok, alkartek, artistek eta kultura-eragilek egindako lanari esker hazi da eta horrek guztiak hunkitu gaitu. Udalak eskerrak emon deutsee parte-hartzaileei, baita Bizkaiko Foru Aldundiari be, Turismo Sailaren bidez eta ezinbesteko laguntzaile izan diran Zarra lako personei be.

Kontuak kontu, maiatzaren 9tik 11ra, Balmaseda Erdi Arora bueltauko da 25 urteko historia harrotasunez biziteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu