Nafarroan euskerazko literatureak dauen egoerea aztertuko dabe

Bizkaie! 2025-05-06 08:37   Euskerea berbagai

Egitasmoa, martiaren 8tik 10era arte izango dira.

Euskaltzaindiak Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada egitasmoa aurkeztu dau Nafarroako ordezkaritzean. Aurkezpenean izan dira Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea, Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkaria eta Castillo Suarez idazle eta euskaltzain osoa.

Jabier Arakamak egitasmoaren garrantzia azpimarratu dau, baita halakoetan berehalako itzulpena jartea be, mezua erdel komunidadeari helarazoteko. Sagrario Alemanek erakundeetatik jasotako babesa eskertu dau: jardunaldi honeek baliogarriak izan daitekez gizarte nafarrak euskal literaturaz eta, batez be, nafar literatureaz perzepzino handiagoa izateko. Balio beharko leuke, baita Nafarroako kultur-eragile guztiak lurraldeko literaturearen egoereari gehiago erreparetako. Hezkuntzearen egitekoetan be sartzen da eta dei egiten dau Euskaltzaindiak, ikastetxeetan irakurzaletasuna bizteko neurri eraginkorrak hartu daitezan. Danon artean prestigiau eta ezagutarazo behar dogu euskeraz egiten dan literaturea, hori be bada topaketearen helburuetako bat.

Castillo Suarezek jardunaldien nondik norakoak adierazo ditu: egitasmoa 2023 eta, batez be, 2024. urtean zehar hainbat batzar eta kontaktu egin zituan Nafarroako euskal idazle talde batena da. Guztion ardurea da euskal literatureak Nafarroako gizartean dauen ikusgarritasun eza. Uste dogu arazoa ez dala konponduko jardunaldi honeek eginda, baina, bide luze baten hasierea izan daiteke. Ondoko galdera honeek erantzungo ditugu topaketan: aldatu ete da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Gaur egun, zertan dira Nafarroako euskal idazleak? Zer bilakaera izan dau euskal literatureak Nafarroan azken 50 urteetan? Nafarroako gizarteak (gehienbat erdalduna), ezagutzen al dau errealidade hori?.

Egitaraua

Maiatzaren 8an, Koldo Izagirreren hitzaldia izango da Pinaquy Aretoan (San Frantzisko 5), 18:30ean: Lurralde berri bat. Izagirrek joan diran 50 urteetan euskeraz argitaratutako nobelen azterketea eta izandako kritikak adierazoko ditu. Halanda ze, kritikarien eretxiz, nobelagintza horrek izandako ezaugarriak eta doe literarioak nabarmenduko ditu. Hitzaldia, ganerako ekitaldiak bezela, publikoari edegia izango da, interpretaritza zerbitzuagaz.

Barikuan, maiatzak 9, mahai-ingurua izango da Pinaquy Aretoan, 18:30etik aurrera. Irati Jimenez idazleak gidatuko dau eta hiru belaunaldietako idazleek parte-hartuko dabe: Angel Erro, Aingeru Epaltza eta Oihane Zuberoa Garmendia.

Zapatuan errezitaldia izango da Kondestable Jauregian (Kale Nagusia, 2), 12:00etan: Lur bat zedarritzeko hitzak. Berton, euren poemak irakurriko ditue Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimenduko eta barrokoko musikea egiten dauen Danserie Ensemble taldeak girotuko dau ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu