'Kneecap' filmaren proiekzinoa Pantailaldiari ekiteko
2025-05-05 12:39 Euskerea berbagaiMaiatzaren 6an, Kneecap filma proiektatuko da, doban eta euskerazko azpidatziakaz.

Aurretik, 19:40ean hasita, Pantailaldia ekimenaren aurkezpena eta DYMXN rapero irlandarraren ekitaldi laburra izango dira eta, ondoren, 20:00etan, filma ikusi ahal izango da. Sartzea doban da sarrerak.kafeantzokia.eus webgunean eta Zenbat Gararen webgunean.
Irish Film Institutegaz alkarlanean eta Filmin banatzaileagaz egindako truke akordioari esker, Kneecap filmaren dobako proiekzinoa izango da Kafe Antzokian, euskerazko azpidatziakaz. Era berean, Pantailak Euskaraz ekimenaren Pantailaldia ariketa kolektiboaren abiapuntua izango da martitzenean Zenbat Garak atondutako ekimena. Azpidatziak euskeratzea hainbat euskal internautek sareko auzolanean egindako lana izan da, azpitituluak.eus ekimenagaz koordinauta. Hau ez da irlanderearen alde gurean atondutak ekimen bakarra, izan be, Bilbon irlandera eskolak emoten dituan David Hendersonek, bere 20 inguru ikasleak eta Ciorcal Cómhra irlandera berbalagun taldean irlanderea mintzapraktika kide dituan beste zenbaitek oraintsu irlanderearen aldeko Conradh na Gaeilge alkarte aurrendariaren Bilboko taldea osotu dabe. Talde horretatik sortu zan filma euskeratzeko proposamena, euskal internautek gauzatu dabena.
Datozen egunoetan Alondigan irlandar filmen proiekzinoak atondu dituan Irish Film Institutegaz alkarlana be izan dogu, berak ekarriko baitau DYMXN raperoa eta Filmin banatzaileagaz egindako akordioari esker proiektauko da Kneecap doban martitzenean.
Irlanderearen berreskurapenaren aldeko hip-hopa
Ipar Irlandan irlandereak bizi dauen diglosiari modu sendo eta irudimentsuan aurre egitea erabakitzen duten hiru raperoren istorioa kontatzen du Kneecap filmak. Rich Peppiatt zuzendari eta gidoilariak Belfasteko Kneecap taldearen istorioa kontetan dau film honetan. Komedia ganberroa eta autobiografikoa da, gai asko jorratzen dituana; batzuk, gainera, hurrekoak egingo jakuz Euskal Herrian. Protagonistak Belfasteko hiru gazte dira, kaleko mutikoak dira bi eta bestea irlandera irakaslea eta musika sortzailea.
Igaz arrakasta handia izan eban Sundance jaialdian eta aurten Oscar sarietarako hautagaien artean izan da, Irlanda ordezkatzen. Taldeak, eskenatokietan Palestinaren alde adierazotako jarrereari esker nazinoartean oihartzun handiagoa izan dau.
Kontuak kontu, filmaren proiekzinoaren aurretik, DYMXN rap kantariaren kontzertu laburra izango da. Sustraiak Dublinen eta Bilbon dituan rapero irlandarra da eta bere musikea letra zorrotzakaitik eta erritmo itsaskorrakaitik nabarmentzen da. Zaragozako freestyle eszenan hezia, A Letter to myself mixtapeak kritika sozialaren aurreko eta bere talentu narratiboagazko konpromisoa erakusten dau. Estilo parebako eta benetakoagaz, egungo hip-hop eszenan bikain dablen artistea da.
Pantailaldia
Pantailak Euskaraz ekimenak sustatuta, aurten be gure pantailak euskerazko edukiz gozetako Pantailaldia ekimena martxan da. Bilboko Kafe Antzokiko proiekzinoa izango da aurtengo lehen ekitaldia baina aurrerago norbanakoen euskerazko edukiak pantailetan konsumiduteko konbita eta gidea jarri ditu sarean Pantailak Euskeraz ekimenak berak. Ekimenean izena emonda, norberak sare sozialetan #Pantailaldia traolea erabiliz, euskerazko ikus-entzunezkoak konsumiduteko edo sortzeko orduan ditugun bizipenak eta zailtasunak sareetan eta komunikabideetan zabaltzeko animetan zaitu Pantailak Euskeraz ekimenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!