Euskal kulturea sustatzeko dirulaguntzak emongo ditue

Bizkaie! 2025-05-05 10:50   Euskerea berbagai

Baita eskola-orduz kanpoko euskerazko jardueretarako be.

Datorren maiatzaren 30era arte edegita izango da euskarea sustatzen daben eskola-orduz kanpoko jardueren proiektuak dirulaguntzen urteko deialdira aurkezteko epea. Horreetarako Getxoko Udalak 42.000 euro onartu ditu, hurrengo bost ildotan:

  • Hizkuntza-sartze laburreko jarduerak laguntzeko 5.000 euro izango dira, esaterako, barnetegiak edo eguneko urteerak, lehen ildoan.
  • Bigarrenak, 10.000 euro, aldi luze batean euskerearen erabilerea aktiboa daben ekimenak sustatuko ditu, adibidez, antzerkia, bertsoak edo berbodromoak.
  • Hirugarren lerroa, 7.000, errefortzu klaseetarako izango da.
  • Laugarren lerroak 15.000 euro zuzenduko ditu euskeraz garatzen diran ohiko jardueretara, horreen artean, robotikea, jantzea, sukaldaritzea, zirkoa, yoga, futbola, saskibaloia edo xakea.
  • Bosgarrena, 5.000 euro, EuskararenEguna, euskal astea lako ekitaldiak atontzeko.

Euskal kulturea sustatzeko jarduerak

Udalak 42.557 euro onartu ditu euskal kulturea sustatzeko jarduerak egiten dituen alkarte, erakunde edo enpresarentzat, euskeraz bizi nahi daben herritarrei horretarako aukerak bermatzeko, ESEP, Euskerea Sustatzeko Ekintza Plan Estrategikoak jasoten dauenaren arabera.

Lehenengo arloak 11.760 euro banatuko ditu euskerazko jarduerak atontzeko lokal baten gastuetan laguntzeko; bigarrenak 2.625 euro San Juan jaia atontzeko gastuak ordaintzeko; hirugarrenak 21.472 euro auzoetako Olentzeroak atontzeko sortzen diran gastuetan laguntzeko; laugarrenak 4.200 euro Euskal Herriko gazteei Getxo eta Getxon egiten dan kulturea ezagutzera emoteko, eta bosgarrenak, 2.500 euro Getxoko gazteei Euskal Herria eta euskeraz egiten dan kulturea ezagutzera emoteko.

Kontuak kontu, eskaerok aurkezteko epea maiatzaren 6tik 15era egongo da edegita, hirugarren arlokoetarako epea ezeze, urriaren 16ra arte engongo da-eta.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu