Badator Euskaraldia!

Bizkaie! 2025-05-02 13:47   Euskerea berbagai

Emon izena hemen.

Bi aste eskas falta dira Euskaraldia hasteko eta ia dana prest dago ariketeari hasierea emoteko. Euskal Herriko herritan buru-belarri dabiz izen-emoteak batzen.

Daborduko, hasi dira herrietan ahobizi eta belarriprest txapak banatzen. Hori jakinarazoteko, agerraldia egin dabe, gaur, hilak 2, Lekeitioko Plazan. Berton batu dira, Lekeitioko eta Mutrikuko batzordeetako ordezkariak, Euskaraldiko koordinazino orokorreko kideak eta baita euskal gizarteko hainbat ezagun be.

Ana Goitia aurkezleak zuzendu dau agerraldia, bera baita laugarren edizino honetako hamaikakoko kide lekeitiarra.

Ekitaldian, batzordeek egiten daben lana azpimarratu nahi izan dabe. Euskaraldia arrakastatsua izan deian, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak. Eurek ahalbideratzen dabe Euskaraldiaren mezua herritarrengana heltzea eta ariketa bera, herriz herri, Euskal Herri osoan egin ahal izatea, azpimarratu dau Jon Kobeagak Euskaraldiko koordinazino orokorreko zein Lekeitioko batzordeko kideak.

Batzordeen lanagaz batera, Euskaraldiaren garrantzia be azpimarratu dabe, orain-oraingoz daukagun tresna indartsuena dala definiduz.

Kobeagagaz batera egon da Joseba Palenzuela, Mutrikuko batzordeko kidea. Euskaraldiak herrian sortzen dauen mobimendua azpimarratu dau: herri mailean mobimendu polita da Euskaraldia. Aurreko edizinoan 5 bat lagun izatetik, oraingoan 10-12 izatera pasa gara eta ilusinoz gagoz.

Izena emotearen garrantzia

Ariketea hasi arte izen-emotea edegita egongo da. Halanda ze, bakotzak haren rolearen barri emotea beharrezko da www.euskaraldia.eus webgunean.

Beraz, izena emoteak aldez aurreko hausnarketea dakar, parte-hartzaileek ahobizi edo belarriprest rolen artean aukeratu behar dabe-eta. Erabagi horrek bakarrik norberak 11 egun horreetan izango dauen jarrerearen eta portaerearen inguruan pentsarazoten dau.

Euskaraldiaren eta, oro har, euskerearen aurrean jarrera aktiboa izateko deia egin dabe atontzaileek.

Txapea

Gaurko egunez hasi dira Lekeitioko herritarren artean Euskaraldiko txapak banatzen. Ezinbesteko elementua da txapea ariketarako, izan be, identifikagarri horrek erakusten dau parean dogunak euskerea badakiala.

Ekitaldiaren amaierean festa giroa nagusitu da Lekeitioko plazan, txarangak eta talo usainak alaitu deutse eguerdia txapa jaso edo izena emotera bertaratu diran herritarrei.

Euskaraldia badator eta Euskal Herria prest dago ariketea hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu