Eskoriatzan hasiko da Sariketea

Bizkaie! 2025-04-30 12:00   Bertsolaritzea

Aurten, Señora Sariketeak 5 urte beteko ditu.

Urteurrenaren harian, edizino berezia egitea erabagi dabe atontzaileek. Alde batetik, aurtengo parte-hartzaileak bereziak izango dira; ez baitira plazan dabizan bertsolariak izango. Zergaitik? Bertso plazara salto egiteko bidea estua izan dalako orain arte: herriko bertso eskolan hasi, eskolartekoan arrakastea izan, hortik gazte sariketetako deia jaso eta sariren bat irabazi, txapelketan izena emoteko adorea izan eta adore hori izateko legitimidade publikoa sentidu, plaza guztiei baietz esan...

Bide estu horrek, historian, batez be, emakumeak eta genero disidenteak baztertu ditu, nahiz eta, azken urteetan eskolartekoetan eta gazte sariketetan bestelako panoramea agiri dan (feminismoak egindako lanaren ondorioz). Hori kontuan izanda, aurtengo sariketan kantuan ibiliko dira:

  • 1- Bide hegemonikoan hasi, baina bertso jarduna itxi daben emakume eta genero disidenteak.
  • 2- Plazan, bertso jardun egonkorrik ez daben emakume eta genero disidenteak.

Bestetik, aurtengo sariketan bertsolariak binaka ibiliko dira kantuan. Horren helburua da alkarri lagundu ahal izatea eta bertsolari autonomoaren ideagaz haustea, bertsolaritzea eta plazaratzeak taldean egiten diralako beti.

Datak eta parte-hartzaileak ondokoak izango dira:

- Maiatzaren 10ean, Eskoriatzako Elizoste Elkartean, lehenengo kanporaketea.

  • Iraitz Sarasola eta Maddi Etxeberria.
  • Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart.
  • Markel Laskurain eta Lierni Rekondo.
  • Gai jartzailea: Lierni Altuna.

- Maiatzaren 17an, Iuerretako Montoste alkartean, bigarren kanporaketea.

  • Irati Tolosa eta Joane Aldalur.
  • Idoia Anzorandia eta Zihara Enbeita.
  • Maddi Gallastegi eta Udane Mugerza.
  • Lierni Rekondo eta Markel Laskurain.
  • Gai-jartzailea: Jone Lizarralde

- Maiatzak 31an, Iruñean, Zaldiko Maldikon finala.

  • Eskoriatzan sailkatutako bikotea.
  • Iurretan sailkatutako bikotea.
  • Ohorezko señora bikotea: Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano.
  • Gai-jartzailea: Aizpea Garmendia.

Hiru kasuetan, hau izango da saioen ordutegia: bazkaria 14:00etan eta bertso-saioa 17:00etan.
Saioen prezioa, barriz, ondorengoa izango da:

Bazkaria eta saioa: 20 euro edo ahal dozuna (finalean 25 euro edo ahal dozuna).

Sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu