Espainiako hizkuntza politiken inboluzinoa salatu dabe Nazino Batuetan
2025-04-30 07:58 Euskerea berbagaiKontseiluak euskerearen normalizazino prozesua desblokeetako eskatu dau.

Nazino Batuen Erakundearen (NBE) Genevako egoitzan, Euskalgintzearen Kontseiluak, Galiziako A Mesa pola Normalización Lingüística, Kataluniako Plataforma per la Llengua eta Europako Hizkuntzen Bardintasunerako Sarea - ELEN erakundeakaz batera, Espainiako Estaduan hizkuntza-eskubideen egoerearen inguruko txostenaren aurkezpenean parte hartu dau. Txostena hemen eskuratu daiteke.
Biharamunean Nazino Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak Espainiako Estaduan giza eskubideen arloaren inguruko ebaluazinoa egingo dauela aprobetxauta, Kontseilu horri aurkeztutako txostena eta euskerearen, galizierearen eta katalanaren egoerearen azalpenak emon ditue, bakotasunak eta eskubide-urraketak gainditzeko proposamenak eginez.
Eragileak bat etorri dira hizkuntza-eskubideen arloan inboluzinoa bizi dogula nabarmentzerakoan. Globalizazinoa lako faktoreek eragina izan leikien arren, Espainiako Estaduaren barruan azken urteetan hizkuntza-politiketan emondako atzera urratsak eta murrizketak nabarmendu ditue kezka iturri nagusi lez.
Hizkuntza bakotxaren normalizazino bidean hainbat atzerapauso eta traba esanguratsuen zerrendea aurkeztu dabe eragileek. Galizierearen kasuan, besteak beste, Galiziako hizkuntza nagusi izateari itxi izana edota orain arte galiziera hutsean izandako telebista publikoan gaztelaniazko saioak txertatzen hasteko asmoa iragarri izana ohartarazo dabe. Valentziaren kasuan, PP eta VOX alderdiek hezkuntza sisteman valentzierea murrizteko asmoz onartutako Rovira Legea nabarmendu dabe, bestelako erabagi politikoen artean. Nafarroaren kasuan, Euskalgintzearen Kontseiluak euskerearen zonifikazinoagaz amaitzeko beharra nabarmendu dau, Europako Kontseiluak be nabarmendu behin baino gehiagotan nabarmendu baitau diskriminazino egoera hori gainditzeko agindu izan dauela gogorarazoz.
Horrezaz gan, Euskalgintzearen Kontseilua, A Mesa eta Plataforma bat etorri dira Espainiako Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua lehenbailehen aldatzeko beharraz, izan be, epaiketak eta jardunbide juridikoak gaztelania ez dan beste edozein hizkuntzatan egitea eragozten baitau. Esangura horretan, bai Euskalgintzearen Kontseiluak, baita Plataformeak be, botere judizialetik heldutako azken erabagiak izan ditue berbagai. Katalanek bertako murgiltze ereduaren kontra Espainiako Konstituzino Auzitegiak ekindako bidea salatu eta Euskalgintzearen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren datuak oinarri hartuta, euskal administrazinoakaz hartu-emonetan egunero izaten diran hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoei konponbidea jarri asmoz, langile publikoek euskerea be ezagutu beharra jasoten eben lan deialdien kontrako oldarraldia edota EAEko tokiko erakundeetan euskerearen erabilerea lehenestea ahalbidetzen eban 2/2016 Udal Legea eta hau garatzen dauen 179/2019 Dekretuaren kontra botere judizialetik ekindako eskuhartzea salatu ditu.
Amaitzeko, Euskalgintzearen Kontseiluak aldarri nagusibi mahaigaineratu ditu giza eskubideen eta hizkuntza-bardintasunaren ikuspegitik. Batetik, zonifikazino linguistikoagaz amaitzea eta euskerearen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea. Bestetik, euskerearen normalizazino prozesua desblokeau eta beharrezkoa dan saltoa emoteko euskerarako arkitektura juridiko barria martxan jartea, besteak beste, Galiziako eta Kataluniako ereduen harian, hizkuntza ofizial bi dituen lurralde bateko langile publiko izateko hizkuntza ofizial biak ezagutzea eskatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!