'Oso harro nago'

Bizkaie! 2025-04-30 07:55   Musikea

Ekitaldirako sarrerak gaur, hilak 30, jarriko dira salgai hemen.

Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osotutako epaimahaiak 2025eko Adarra Saria Antton Valverderi emotea erabagi dau.

Antton Valverdek bagilaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzean jasoko dau Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia alkatearen eskutik, eta segiduan kontzertua eskainiko dau Francisco Herrero (biolina), Iván Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garcés (kontrabaxua) musikariez lagunduta.

Kontzerturako sarrerak eguaztenean, apirilak 30, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, 20 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean.

Epaimahaiak Valverdek euskal kantagintzean izandako eregina nabarmendu dau: herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obrearen zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengaitik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pelotalekuak barruan) pianoaren soinua ekartzeagaitik eta, batez be, haren konposizino, grabazino eta zuzeneko kontzertuekaz hainbeste musikazale gozarazteagaitik estilo personal, jagon eta dotoreaz.

Saria jasoko dauela jakindakoan, Valverdek ondokoa esan dau: autortu behar dot kantagintzeagaz zor handia daukadala. Kantagintzeak emon deust Euskal Herria goitik behera ezagutzeko aukerea. Eta batez be, jente asko ezagutu dot, lagun asko egin dodaz eta harro nago. Zerrendea egiten hasiko banintz, ez genduan amaituko. Danontzako nere esker ona, eta gaur, batez be, sari hau emotea erabagi daben Donostia Kulturako arduradunentzako.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu eban Adarra Saria, euskal musikearen arloan garrantzi edo eregina izan dauen edo egiten dabizen artista bati, urtero, autortzea egiteko. Orain arte, ondoko honeek jaso dabe Adarra Saria: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia, Zea Mays eta Errobi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu