'Euskara Ibiltaria' erakusketea Portugaleteko Santa Klara Kulturtegian ikusgai

Bizkaie! 2025-04-29 11:10   Euskerea berbagai

Maiatzaren 23ra arte egongo da edegita.

Adolfo Arejita, Aingeru Fernandez eta Alvaro Parro. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskara Ibiltaria erakusketa interaktiboa Portugaleteko Santa Klara Kulturtegian izango da gaurtik, hilak 29, maiatzaren 23ra arte. Ekimenaren aurkezpenean izan dira Aingeru Fernandez Portugaleteko Euskera zinegotzia; Alvaro Parro Laboral Kutxako tokiko komunikazino teknikaria eta Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta Euskerearen Herri Hizkeren Atlaseko zuzendaria.

Erakunde pribatu eta publikoen arteko alkarlanaren garrantzia nabarmendu dabe erakundeetako ordezkariek agerpenean. Horrezaz gan, egitasmoaren zehetasunak be azpimarratu ditu Aingeru Fernandez Euskera zinegotziak, Euskara Ibiltaria euskerearen kolore guztiak agirian ixten dituan erakusketea da. Ganera, erakusketa interaktiboa da Portugaleten atondu dana, euskerearen berbak eta soinuak irakurteko, entzuteko, usaintzeko eta horreekaz jagoteko aukerea emoten dauena.

Bere aldetik, Alvaro Parrok ondokoa esan dau: Portugaleten 4.000 lagunek erabilten dabe euskerea egunero. Beraz erakusketea honek zubi-lana egin leike Portugaleteko euskaldunen eta erdaldunen artean.

Adolfo Arejita euskaltzain osoak erakusketearen ezaugarriak adierazo ditu baina transmisinoan jarri dau arretea: erakusketan garai bateko euskal mundua agiri da, mundu tradizionala eta garrantzitsua da hori erakustea gaur egungo belaunaldiei, arabere gehiago Portugaleteko biztanleei, hurreratuko jakelako Portugalete. Holan, uribildua eta baserria buztartuko dira hemen.



Mapak, animazinoak, entzungaiak...

Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa da eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak azaleratu bezela, euskerearen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea dau helburu. Holan, Euskaltzaindiak gizarteari bueltau egin nahi deutso atlasa egiteko euskal gizartearengaindik jasotako jakituria.

Erakusketea bost atal nagusitan banatuta dago: Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Naturea, eta Bizitea.

Zentzumenei eregiten deutsen erakusketea be bada Euskara Ibiltaria: ikusmenaz gan, entzun, ikutu, probau eta usaindu daitekelako. Bisitariak, euskerearen aberastasunaz jaubetzeaz gan, hizkuntza-atlasa zer dan ikusteko aukerea izango dau eta, horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutu.

Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa

Erakusketearen mamina Euskarearen Herri Hizkeren Atlasa dan neurrian, Euskara Ibiltariaren heburua be bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera emotea. Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskerearen aniztasunaren barri emoten dauen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratua eta dagoeneko hamaika liburuki dituana. Proiektua XX. mendeko 80ko hamarkadan martxan zan ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituen (Araban herri bakarra, Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri, Nafarroa Garaian 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12 herri), 319 barriemoile eta 2.857 galdera; 1987. eta 1992. urte artean eginiko alkarrizketok, guztira, 5.000 ordutik gorako grabaketa-bildumea osotzen dabe.

Ordutegiak eta bisita gidatuak

Erakusketa Ibiltaria gaur hasi eta maiatzaren 23ra arte egongo da edegita. Bisita gidatuak egun eta ordu honeetan egingo dira, doban:

  • Maiatzaren 10ean (12:00etan).
  • Maiatzaren 17an (12:00etan).

Bertaratu nahi dauenak ondoko telefono honetara deituz emon beharko dau izena: 94 4729261. Edo, bestela, euskara@portugalete.org posta elektronikora idatziz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu