The Uski's, Altxa Porru, Pary&Tiza eta Segundo Olaeta Bandea batu dira Gatiburen jaialdira
2025-04-29 08:29 MusikeaTalde gernikarraren agur berezia bagilaren 7an izango da.

Gatibuk eta Haziberrik aurkeztu dabe Azken Zoramena Gernikan jaialdiaren kartel osoa. Bagilaren 7an Gatibuk bere sorterrian emongo dauen azken kontzertu berezia, arratsaldean hasiko dan jaialdia, musikea, jan-edana eta jaia buztartuko dituana. Gatiburen kontzertu nagusiaz gan, hainbat musika talderen eta artisten ikuskizunak izango dira, agurrari benetako jai giroa emonez.
Gatibufonia
Lehenengo hitzordua arratsaldeko 17:30ean izango da, Gatibufonia ikuskizun sinfonikoagaz. Gernikako Segundo Olaeta Musika Bandeak aitatu lanaren bitartez, Gatiburen abestien moldaketa sinfonikoa eskainiko dau San Kristobal auzoko plazan, kontzertugunetik hur. Bandako 45 musikariek euren soinu sinfonikoa gitarra, baxu elektriko eta abeslariakaz buztartuko ditue Artur Sustatxaren gidaritzapean, Gatiburen ibilbidea laburbatzen dauen errepertorio berezia.
Kontzertugunea arratsaldeko 18:30ean zabalduko dabe
San Kristobal aparkalekuan kokatuko dan kontzertugunearen ateak arratsaldeko 18:30ean edegiko ditue. Gatibuz gan, oholtzan ikusiko doguz The Uski’s, Ibarrangelu eta Elantxobeko kideek osatutako rock taldea, surf rocka eta popa buztartzen dituan Busturialdeko talde ganberro eta esanguratsuenetakoa. Altxaporru, erromeria talde bizkaitarrak, barriz, jai giroa ekarriko dau bere zuzeneko jantzagarriagaz. Gauari amaierea emongo deutse Pary&Tiza musika jartzaile bikote zornotzarrak, erritmo bizi eta jantzagarrien bidez gaua borobiltzeko.
Musikaz gain, jan-edan eskaintza berezia be izango da. Baserritik Gernikara alkartea arduratuko da janari-eskaintzaz. Tokiko produktoreek bertoko jatekoagaz egindako burritoak jan ahal izango dira; gure baserrietako produktuak eta Mexikoko gastronomiaren zaporeak buztartuz.
Gatiburen agurra milaka lagunen aurrean
Gatiburen kontzertuak Gernikan jendetsuak eta hunkigarriak izan dira beti. Aurreikuspenak gaindituz, berriki lekuz aldatu behar izan da Azken Zoramena, Astrako aparkalekua txiki geratu dalarik. San Kristobal aparkalekuak 10.000 lagunentzako lekua dauka. Gatibu taldeak etxean eskainiko dauen azken kontzertuan errepertorio berezia landuko dau, bere sustraietara, bere ibilbidearen hasierako diskoetara joz.
Sarrerak salgai dagoz oraindino Gernikako Turismo bulegoan eta www.haziberri.eus atarian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!