10.000 persona baino gehiagok bisitau dabe 'Erdi arotik gugana' erakusketea

Bizkaie! 2025-04-28 10:55   Kulturea

Apirilaren 30era arte ikusi ahal izango da Sopuertako Abellanedan dagoan Enkarterrietako Museoan.

Enkarterrietako Museoan apirilaren 30era arte edegita egongo dan Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin erakusketeak 10.000 persona baino gehiagoren bisitea jaso dau igazko bagilean ededi zanetik. Enkarterriko hainbat lekutako erretaulen, irudien eta margolanen artean ondare balio handiko 38 pieza batzen dituan erakusketea Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna garrantzitsua itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan egindako lanean oinarritu da.

Ikerlanak urtebete baino gehiago iraun dau eta Enkarterrietako Museoaren bultzadeari esker egin ahal izan da, eskualdeko zenbait lekutan egozan lanak topau dauz-eta. Museoan ikusgai jarritako piezak batzeko orduan, lurraldeko erakunde eta ondoko instituzino honeen laguntzea jaso dau: Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Saileko Zaharbarrikuntza Zerbitzua, Euskal Museoa, Bizkaiko Eleiz Museoa, Museo Arkeologikoa eta Bilboko Gotzaintzea.

Haren bersino gorenean, gotikoak errastua itxi eban kontinenteko katedral handietan; esaterako, Burgos, Leon, Paris edo Milan. Era berean, Bizkaian bertan be itxi zituen adibide esanguratsuak; besteak beste, Bilboko Santiago katedrala edo Portugaleteko, Lekeitioko edo Balmasedako eleizak. Haren errastuak lurraldeko auzo eta herrixketako eraikin txikietan be agertu zan, baina, zoritxarrez, XVI. mendetik aurrera hasi ziran desagertzen. Halanda ze, batzuetan, baseleizetan, eleizetan nahiz museoetan gordetako tailuak eta eskulturak iragan gotiko haretatik geratzen diran azken errastuak izaten dira.

Ohikoa da topau diran tailuak baseleizetako eta eleizetako titularrak izatea, hau da, sasoi haretako herritarrek gorde gura izan zituen eskulturak. Enkarterrikoa ez bada be, Begoñako gaur eguneko Amatxu bera da horren adibide argi-argia. Izan be, XIII. mendeko Andra Maria danez, basilikea bera baino askoz be antxinakoagoa da. Halanda ze, Enkarterrin topau diran eskulturak eta tailuak, Enkarterrietako Museoan ikusgai egongo diranak, 1270etik 1530era bitartean egindako lanak dira. Antxinakoenak 800 urte betetear dagoz, hain zuzen be.

Proiektu horretan, Jesús Muñiz Petralanda ikertzaile eta historialariak, arteko aditua danak eta horri buruzko hainbat argitalpen daukazanak, Enkarterrietako Museoko teknikariakaz miatu dauz Bizkaiko eleizak, baseleizak eta museoak, eskualdean gordetako lan gotikoen lehenengo katalogo eta inbentarioa egiteko, baita lurraldeko estilo horretako lehenengoa be.

Orain arte, 60 lan topau dira. Enkarterrietako Museoak, barriz, pieza horreetako 38 baino ez dauz jarri ikusgai, baina, halanda be, orain arte Bizkaian alkarregaz batutako lan gotikoen kopuru handiena izan da. Lanak Enkarterriko udalerrietatik eroan dira gehienbat (Muskiz, Santurtzi, Portugalete, Barakaldo, Alonsotegi, Gordexola, Gueñes, Zalla, Sopuerta, Galdames, Artzentales eta Karrantza), baita zenbait museotatik be (Euskal Museoa, Bizkaiko Eleiz Museoa eta Enkarterrietako Museoa bera).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu