Israel Fernandezek 'Por amor al cante' diskoa estreinauko dau Bilbon
2025-04-25 10:35 MusikeaXX. Flamenco BBK Jaialdiaren barruan.

Hogei urte pasau dira BBKk flamenkoaren alde egiten dauenetik. Hamarkada bitan, hainbat formatu eta eszenatoki izan arren, publikoak beti erantzun dau.
Hemendik aurrera, zikloa BBK Salan egingo da urte birik behin. Apirila eta bagila arteko bost hitzordu batzen ditu. Izen nabarmenen artean, ondoko honeek dagoz: Israel Fernandez, Antonio El Relojero, Salome Ramirez, Aitana Rousseau edo Juan Tomas de la Molia.
XX. Flamenco BBK apirilaren 30ean hasiko da 20 años de Flamenco BBK topaketeagaz. Berton, Gonzalo Lopez jaialdiaren zuzendariak hamarkada bietako mugarriak aitatuko ditu. Konbidatuak be izango dira: Ezequiel Benitez kantaria; Paco Leon gitarristea; eta, Maria Martin jantzaria. Doban izango da.
Maiatzaren 16an, barriz, Israel Fernandez (Corral de Almaguer, Toledo, 1989) kantari eta konpositore gaztearen kontzertua izango da eta Antonio El Relojero gitarristeagaz sortutako Por amor al cante diskoa aurkeztuko dau.
Maiatzaren 30ean Flamenco BBKren produkzino propioa estreinauko da, De tablao izenekoa. Berton, hiru jantzari alkartzen dira: Salome Ramirez, Angel Reyes eta Aitana Rousseau. Tablao tradizionalaren giroa birsortuko dabe, El Peli gitarristea eta Ismael de la Rosa El Bola eta Juan de la Mariaren ahotsakaz.
Bagilaren 6an, Vertebradoren txandea izango da, Juan Tomas de la Molia jantzari cadiztarraren lehen ikuskizuna, buleria estilokoa. Manuel Liñanen zuzendaritza artistikoagaz, 2024ko Jerezko Jaialdian Artista Errebelazino Saria emon eutsen.
Zikloa bagilaren 20an zarratuko da Tres piezas (goiko argazkia) obreagaz. Egileak, flamenko barriko jantzari bi dira: Jose Maldonado eta Karen Lugo. Horreei, Juan Gomez Chicuelo gitarristeak lagunduko deutse.
XX. Flamenco BBKren kontzertu guztietarako sarrerak 20 euroko prezioa izango dabe, inaugurazino ekitaldia izan ezik (doban). Hemen dagoz eskuragarri. Ikuskizun guztiak, 20:00etan hasiko dira.
Programazinoa
- Apirilak 30: 20 años de Flamenco BBK. Gonzalo Lopez, Ezequiel Benitez, Paco Leon eta Maria Martin.
- Maiatzak 16: Por amor al cante. Israel Fernandez eta Antonio El Relojero.
- Maiatzak 30: De tablao. Salome Ramirez, Angel Reyes, Aitana Rousseau, El Peli, Ismael de la Rosa El Bola eta Juan de la Maria.
- Bagilak 6: Vertebrado. Juan Tomas de la Molia.
- Bagilak 20: Tres piezas. Jose Maldonado, Karen Lugo eta Juan Gomez Chicuelo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!