Musikenek kontzertu bi eskainiko ditu Chillida Lekun

Bizkaie! 2025-04-24 08:12   Musikea

Apirilaren 30ean, Fraduma eta maiatzaren 7an, Ligatio izango dira protagonista.

Talde biak Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian sortuak dira eta kontzertu bi eskainiko ditue Zabalaga baserrian.

Sorkuntza garaikidearen eta musika proposamen barrien zabaltzearen alde, Musikeneko ikasle bik beren azken konposizinoen erabateko estreinaldia egingo dabe.

Aurten ere, Chillida Lekuk kontzertuak hartuko ditu, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiagaz batera, apirilaren 30ean eta maiatzaren 7an. Hitzordu bi horreek erakundeek sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan dagoz eta agirian ixten dabe Eduardo Chillidaren lanak musikeagaz izan dauen betiko loturea Musikenen sortutako talde biek interpretautako kontzertuez gan, talde biek Musikeneko bi konposizio-ikasleek sortutako pieza biren estreinaldia be eskainiko dabe sorkuntza garaikidea eta proposamen musikal barriak zabaltzea sustatuz.

- Apirilaren 30ean, Zabalaga baserrian, Fraduma hirukoteak E.J. de Nazareth, F. Rebay, A. J. Scholz eta D. Leisner konpositoreen piezak interpretauko ditu, Valentine Laporte txirulajole, Gabriela Hernández Jaime klarinetejole eta Jamie Gogan gitarristea dituala. Gainera, Hector Page eskolako ikasleak Enarak pieza estreinauko dau.

Fraduma hirukotea Musikenen sortu zan 2024an, hiru herrialdetako hiru musikariren topaketearen bidez: Valentine Tolosakoa, Gabriela Toledokoa eta Jamie Dublingoa. Klarinetea, txirulea eta gitarrea buztartzeko errepertorioa urria dan arren, Garai klasikoaren amaieran klarinetearen ospea handitu izanak eta gaur egungo konpositoreek hain ohikoak ez diran konbinazinoetarako idazteko daben jakin-minari esker zenbait obra sortu ditue.

Euren musikea publiko zabalago batengana eta uri, kontzertu areto eta kultur ekitaldi askotara eroaeko helburuagaz, hirukoteak hainbat sasoitako errepertorioa hartzen dau, klasikotik gaur egunera arte.

Lekua bete arte, sarrerak doban erosi daitekez hemen.

- Bigarren hitzorduak Ligatio saxofoi laukotea izango dau progonista maiatzaren 7an, A. Ciesla: Rhapsodish eta F. Mendelssohnen lanakaz. Gainera, Guillermo de la Torre ikasleak Entre los cirros lana aurkeztuko dau.

Laukotea 2024an jaio zan, taldekideak Musikenen sartu ziranean, ganbera-musika profesionaleko proiektu bat lantzeko asmoz. Laukotean honako honeek dagoz: Javier Jesús Pérez González saxofoi-sopranoa, Sonia Rodríguez Martín saxofoi-altua, Manuel Alén Bellas saxofoi-tenorra eta Adrián Saiz Fernández saxofoi-baritonoa.

Taldeak saxofoi laukoterako errepertorioa zabaldu nahi izan dau, tradizinoa eta barrikuntza buztartuz, eta kohesinoan eta orekan oinarritutako nortasuna eta soinua jorratu ditu. Errepertorioak obra klasikoak eta
garaikideak batzen ditu, teknika barriak aztertuz eta gaur egungo musikagileakaz alkarlanean, kontzertu dinamikoak eta publiko askorentzat eskuragarri dagozanak eskaintzeko.

Sarrerak doban erosi daitekez hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu