Getxok euskerearen erabilerea sustatzen jarraituko dau

Bizkaie! 2025-04-23 13:19   Euskerea berbagai

Hitzarmenak sinatu ditu Bizarra Lepoan, Hiruka, ALBE eta Egizu entidadeakaz.

Euskaraldiko egitasmoa Getxon: Musika Alkartea eta Kimetz Abesbatza (Argazkia: Euskaraldia Getxo). | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Udalak euskerearen erabilerea gizarteratzen jarraitzeko hitzarmenak barriro sinatzea onartu dau, Bizarra Lepoan, ALBE, Egizu eta Hiruka entidadeakaz.

Hitzarmenetan entidadeek dituen helburu, neurri eta ekintzak zehazten dira, ESEPek, Erabilerea Sustatzeko Getxoko Ekintzak Planagaz bat datozenak. Amaia Aguirre alkateak nabarmendu dauanez:  euskerearen erabilerearen normalizazinoa bermatzea eta euskal kulturea bultzatzea dira Legegintzaldiko Planaren 20. erronkea. Horretarako, aurton 250.000 euro baino gehiago zuzenduko ditugu.

Bizarra Lepoan Euskera Alkarteak, 86.400 euroko dirulaguntzea izango dau Gehitu Kultura eta Gehitu Kirola programen dinamizazino eta jarraipen lanak egiteko baita Bapiruke aisialdiko ekimenerako eta Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan parte hartzeko be.  

Bestalde, eskualdeko komunikazinoa zabaltzen dauen Hiruka kooperatibeak 67.833 euroko dirulaguntzea jasoko dau aldizkari soziokulturala (urtean 12 ale euskera hutsean) eta atari digitala (astean 10-20 albistegaz) argitaratzeko gastuetan laguntzeko.

ALBE, Algortako Bertso Eskoleak, 54.600 euroko dirulaguntzeagaz, Getxo Bertsoz Bertso programea jorratuko dau, besteak beste, Abra Saria, Eskolatik Plazara, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, Bertsoz Jairik Jai, Hitzaren Jantza, Albe Galea, bertso bazkariak eta saioak eta eskolako ikasleakaz jarduerak atontzeko.

Egizu Getxo Euskaldun Alkarteak euskerearen erabilerea bultzatzeko jarduera ugari atontzen jarraituko dau, horreen artean, Berbalaguna eta kultur jarduerak, SENDI proiektua, Kirola Euskeraz!, Kultura Euskeraz!, Literaturea & Sorkuntzea, Beharsarea eta Euskaraldia. Udalak 44.100 euroko dirulaguntzinoa emongo deutso horreetarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu