'Beti eskamak kentzen' erakusketea, apirilaren 25era arte ikusgai
2025-04-22 12:22 KultureaBizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Erakusketa Aretoan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak edegita izango dabe hilaren 25era arte, XVI. mendetik lurraldeko portuetako lonjetan arraina eraldatzen jardun daben emakumeei autortzea egiten deutsen Beti eskamak kentzen erakusketea. Emakume horreek, euren indar, kemen eta ausardiagaz, mendeetan zehar, eurak jakin barik, Bizkaiko garapen ekonomikoaren funtsezko pieza bihurtu ziran, euren lana gizartearentzat luzaroan ikusiezina izan arren, emakumeek zeregin erabagigarria izan eben beste lanbide batzuetan gertatu zan lez.
Kontserba-fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen erakusketak, belaunaldi askotako emakumeen artean errealidade izan zan lanbide hori ahanzturatik berreskuratzeko ahalegina egiten dau. Halanda ze, dokumentazinoari esker, eta batez be Amaia Apraiz Sahagún eta María Romano Vallejok barriro egindako azterlanari esker, badakigu emakumeak konserba-fabriketan ibili dirala XVI. mendetik gaur egunera arte. Lanbideak gaur egun be jarraitzen dau, baina laneko hobekuntzei eta garapen teknologikoari esker, lanak ez dau antzik beste garai batzuetakoagaz.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Bizkaiko enpresa sarearen biziraupenerako hain garrantzitsua dan lan hori egiaztetan dauen material grafikoa batu dabe (dokumentu ofizialak, egunkarietako zatiak, argazkiak, ilustrazinoak eta artelanen erreprodukzinoak). Erakusketako materiala Apraizek eta Romanok, kultur ondarean adituak, erakusketearen izen bera dauen liburuan batu daben ikerketa lanaren parte da. Egileek erakunde publiko eta pribaduen laguntzea izan dabe lana osotzeko: Campos, Zallo, Arroyabe, Ortiz, Serrats eta Olasagasti konserba-fabrikak, Arte Eder Museoa, Euskal Museoa, Arrantzaleen Museoa, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Santurtziko Kaia Alkartea, Garavilla familia, Jon Fernández García de Iturrosperen familia (Santurtzi) eta Iñaki Markaida.
Kultur ekimen hori Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Bardintasun Planean jasoten diran ekintzetan oinarritzen da, alderdi politiko guztien laguntzea jaso dauen gizonen eta emakumeen arteko bardintasunezko tratua sustatzeko ekintza zehatzak jasoten dituan ibilbide orrian. Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, Estaduan bardintasun plana onartu eben bigarren erakunde legegilea izan ziran, Nafarroako Parlamentuaren ostean. Bere ekintzetako bat Bizkairen aurrerabidean emakumeek egin eta egiten daben lana balioan jarten laguntzea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!