Martxan da 'Señeak Bizkaia Rock Kanpusa'
2025-04-22 09:04 MusikeaApirilaren 26an, parte-hartzaileek kontzertua eskainiko dabe Zornotza Aretoan.

Señeak Alkarteak jakinarazo dau zeintzuk izango diran Señeak Bizkaia Rock Kanpusa programean parte hartuko daben gazteak. Halanda ze, danera 23 gazte bizkaitar izango dira Lauaxeta Ikastolan.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Señeak Alkarteagaz eta Lauaxeta Ikastolagaz alkarlanean atondutako ekimen horren helburua da Bizkaiko gazte musikarien talentua sustatzea, musikearen bitartez pentsamentu kritikoa, sormena eta talde-lana bultzatuz. Ganera, partaideek musika-trebetasunak garatzeaz gan, bizitzarako baliagarriak izango diran gaitasun personal eta sozialak be landuko ditue.
Euskerea, Kulturea eta Kirol diputadua Leixuri Arrizabalagak adierazo dauen bezela: Bizkaiko gazteen artean talentu musikal handia dago. Horregaitik, bide eta aukera barriak emotearen alde egin dogu, persona eta artista bezela hazteko. Espero dogu Señeak Bizkaia Rock Campusa erreferente bihurtzea Bizkaiko hezkuntza eta kultura-eskaintzean.
Danera, 23 musikari gazte hautatu ditue. Alex Sardui, Señeak Alkarteko kideak adierazo dauenez hasierako aurreikuspena 20 parte-hartzailekoa zan; halanda be, maila ikusita, talde zabalagoa osotzea erabagi dogu. Bestalde, Ekain Alzolak, ondokoa nabarmendu dau: harrobi ederra dogu Bizkaian. Gure ardurea da gazte horreen motibazinoa biztea eta musika zaletasuna indartzea.
Hautatutako gazteek hainbat instrumentu jotzen ditue: gitarrea (5), ahotsa (6), pianoa (4), bateria (4) eta bajua (4). Jatorriari jagokonez, ondoko herri honeetakoak dira: Elorrio, Lekeitio, Igorre, Gernika, Zornotza, Erandio, Leioa, Usansolo, Getxo, Santurtzi, Trapaga, Sestao, Dima, Bilbo eta Durango.
Programa eta egonaldia
Kanpusa atzo, apirilak 21 hasi eta 26ra arte egingo da. Goizez, gazteek instrumentu klase personalizatuak jasoko ditue euskal musikari ezagunekaz; arratsaldeetan, barriz, talde-probak, arte-sorkuntzako tailerrak eta aisialdi jarduerak izango ditue.
Irakasleei jagokonez ondoko honeek izango dira Alex Sardui eta Ekain Alzolagaz batera: Aitor Lacalle eta Garikoitz Ortiz de Villalba (Gitarra eta teklatua, ETS); Onintze Garcia Arana (Gitarra eta Ahotsa, Seiren, Galder Izagirre); Jon Fresco Pelissier (Bateria, Ken Zazpi); eta monitore lanetan, Maialen Ozamiz eta Jon Etxeberria.
Musika-ikaskuntza euskal sortzaile eta musikari ezagunekaz egingo dabe; halanda ze, artistak bisitan joango dira gazteekaz lan egitera. Aisialdirako jarduerak Lauaxeta Ikastolako begirale esperientziadunek gidatuko ditue.
Amaierako kontzertua Zornotza Aretoan
Kanpusaren azken egunean, apirilaren 26an, parte-hartzaileek kontzertua eskainiko dabe Zornotza Aretoan. Berton, aste osoan zehar ikasitakoa taularatuko dabe, euren irakasle eta musika-erreferenteekaz batera.
Esperientzia parebakoa izango da musikea maite daben gazteentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!