Hiru liburu aurkeztuko ditue 42. Sarako Idazleen Batzarrean
2025-04-16 12:33 Euskerea berbagaiApirilaren 21ean eta 22an.

Aste Santuan, Hego eta Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek ezinbesteko hitzordua dabe Lapurdin. Apirilaren 21ean eta 22an (profesionalen eguna) izango da Sarako Idazleen Batzarra. Euskaltzaindiak hasieratik parte hartu dau azokean eta aurton, hiru argitalpen barri aurkeztuko ditu. Betiko lez, Pazko Astelehenean izango da agerpena, 10:45ean.
Batetik, Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emerituaren saiakera hautatuak aurkeztuko dira jentaurrean. Joseba Sarrionandia idazle eta euskaltzain urgazleak egin dau liburua. Lan horretan irakurleak Txomin Peillenen idazlan autobiografikoak topauko ditu, baita euskereari buruzko idatziak be. Idazlan antropologikoak eta literatura garaikidea aztertzen dituen artikuluak be batu ditu Sarrionandiak.
Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak Saran aurkeztuko dauen liburua igaz publikatutakoaren jarraipena da. 2024an aurkeztu eban Battittuk Junes Casenave-Harigile idazlearen Zortzi pastoral barri (I). Orduko hartan, apaiz zuberotarrak idatzitako lau pastoral batu zituan Coyosek (Agosti Etxekopar, Atarratze, Barkoxe eta Dabid) eta liburu barrian beste lau agertzen dira, hain zuzen be, Judit, Larraine, Lüküze Xarles Laugerrena eta San Frantzisko Xabier. Sekula publikau eta jokatu ez diran lau pastoral. Liburuan, Allande Socarros kazetari eta euskaltzain urgazleak eta Jean-Louis Davant ohorezko euskaltzainak aspaldi idatzitako testuak be azaltzen dira, Casenave-Harigileren lana eta bizitza hobeki ulertzen laguntzen dabenak.
Euskaltzaindiak Saran aurkeztuko dauen hirugarren lana harribitxia dela esan daiteke, gitxi dira-eta XIX. mendean euskeraz idatzitako bidaia-kontakizunak. Hori da Martin Ducq apez eta idazle baxenabartarrak 1891ean publikau eban Erroma eta Jerusalem, bidaien kronikea, misionestak beila edo erromesaldi bat egin eban-eta. Hazparneko euskeraz idatzita dago eta horrek be emoten deutso holako xarma berezia liburu mardulari (422 orrialde ditu).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!