'Berriatuko Herri Ondarea' Internet ataria aurkeztu dabe gaur

Bizkaie! 2025-04-11 13:30   Euskerea berbagai

ondarea.berriatua.eus helbidean dago eskuragarri.

Berriatuko Herri Ondarearen internet ataria aurkeztu dau gaur Berriatuko Goikolau Kultur Alkarteak. Berriatuko Udalagaz alkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeari esker gauzatutako egitasmoa da.

Bilboko Plaza Barriko Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian Iñigo Manzisidor Goikolau Alkarteko ordezkariak, Joseba Goienola Berriatuko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Saileko diputaduak parte hartu dabe.

Iñigo Manzisidorren eretxiz, lehengo herritarrek sortutako ondarea eta egungo herritarrak sortzen dabizena ezagutarazoiko ditu Berriatuko Herri Ondarea Internet atariak. Bizia da beraz herritarrek herritarrentzat egindako egitasmoa, joanekoak eta oraina batu eta komunidadea bera indartzen laguntzea dau helburu. Modu oso grafikoan, txartel edo fitxa laburren bidez, jasotako informazino guztia modu erakargarrian, ondo atonduta eta erabiltzaileak erraz eskuratzeko moduan, alkar lotuta eskaintzen dau webguneak eta etorkizunean informazino eta dokumentu gehiago sartzea da asmoa.

Atari barrian Berriatuko ondare material aberatsa ezagutu daiteke, besteak beste, historiaurreko kobazuloetako aztarnak, erdi aroko torreak eta pintautako etxeak, kofradien batzar-mahaiak, garbitokiak, antxinako ola eta erroten aztarnak, herriko lurrak borobilez beteten dituen baso-korten aztarnak, andarriak, txakur burua dauen haberen bat, kurutzeak eta gerrako lubakiak.

Ondare inmaterialari jagokonez, oparoa da Goikolau Kultur Alkarteak webgunean eskuragarri jarritako edukia. Kultur eta kirol arloetan eta beste hainbat esparrutan herriko taldeek gaur egun egiten daben lana ezagutzeko aukerea eskaintzen da. Era berean, alkarrizketak, bideoak, argazkiak eta bestelako dokumentuak erabiliz, joandako denporak eta oraina buztartzen dituen hainbat ekimeni buruzko edukia dago eskuragarri: ohituraz egiten dan aratuste giroko santa eskea, kanpai deiak eta herriko kofradien ohiturak, antxinako abeltzaintzearen korta-basoen erabilera ohiturak, herriko eskoletan izandako esperientziak, herriko emakumeen emaria eta bestelakoak.

Goikolau Kutur Alkartea, Berriatuko herritarren aberastasuna bistaratzeko asmoa ebana Berriatuko Goikolau Kultur Alkartea 2012an sortu zan, herritarren borondatezko partaidetzan oinarrituta egiten dau lan eta herri ondarea jaso, ikertu eta ezagutarazoteko helburua dau.

Berriatuko Herri Ondarea

Egitasmoa bideratzeko lankidetza hitzarmena adostu dabe Berriatuko Udalaren eta Goikolau Kultur Elkartearen artean, erakunde bakotxak ondare mailan egiten dauen ekarpena autortuz eta Internet plataforma barria herri ondarea katalogau eta zabaltzeko tresna izan daiten. Udalak berak batutako ondareari buruzko informazinoa eta dokumentazinoa jasoko da bertan eta etorkizunean Goikolau Kultur Alkarteak egin asmo dauen lana babestuko dau Berriatuko Udalak, orain arte jasota baina argitaratzeko falta diran lanak zein alkarrizketa eta egitasmo barriak.

Joseba Goienola Berriatuko alkateak aditzera emon dauenez, egitasmo hau benetan be garrantzitsua da, Berriatuko Herri Ondarea egitasmoak osorik beteten ditualako udalak dituen helburu publikoak. Komunidade bizia eta kohesionautakoa izatea altxorra da gure moduko herrietan. Garai barrietara egokitzen dakien herria izaten jarraitu nahi dogu eta, aldi berean, aurrekoek egindakoari begirunez begiratzen deutsona.

Bizkaiko Foru Aldundia, egitasmoaren laguntzaile

Bizkaiko kultur ondare etnografikoa jagon, ikertu eta zabaltzeko jarduerak egiteko foru diru-laguntzea jaso dau Berriatuko Goikolau Kultur Alkarteak, Berriatuko ondare etnografikoa zabaltzeko egitasmoa lantzeko. Laguntza hau ezinbestekoa izan da Berriatuko Herri Ondarea egitasmoa errealidade egin ahal izateko. Leixuri Arrizabalagak adierazo dauenez, aurreko urteetan Goikolau Kultur Alkarteak egindako lana batu, sailkatu, aurkeztu eta modu bizi eta dinamikoan konsultetako aukerea emoten deuskun tresnea ezagutu dogu gaur. Urteetan egindako lanari balio erantsia emoten deutsona, herritarren eskura jarri eta zabaltzeko.

Laratza datu-basea, herrietako ondarea ezagutarazoteko tresnea

Laratza datu-basea dau oinarri Berriatuko Herri Ondarea Internet atariak. Goikolau Kultur Alkartearen ondare inguruko jakintza eta esperientziagaz, ondarearen dokumentazinoan eta datu baseen garapenean aditua dan Nere Erkiagaren aholkularitza eta diseinuagaz eta Codesyntax enpresearen jakintza teknologikoagaz landu da Laratza datu-basea. Edukia hainbat hizkuntzetan kudeatu eta argitaratzeko aukerea emoten dauen tresnea da eta ondare-elementuen katalogazino eta argitalpenak eragiten dituen zailtasunei aurre egiten deutsee, erabiltzaileentzat informazio guztia modu erraz eta ulergarrian eskuragarri jarriz.

Ondarearen inguruan lanean dabilzan erakundeei esker ona


Aurkezpen ekitaldia erabili dau Goikolau Kultur Alkarteak, lan arlo berean eredu izan dituan Labayru Fundazinoa, BizkaiKOA erakundearen Ondarearen Europako Jardunaldiak eta Xenpelar Dokumentazino Zentroa eskertzeko.

Berriatuko Herri Ondarea errealidade egin daben erakundeen eskutik jaso ditue Balentin Laka eskultoreak egindako Goikolau ikurrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu