Taupak jarduera moltsoa jarri dau euskerearen erabilerearen erdigunean
2025-04-11 11:09 Euskerea berbagaiEuskerearen erabilera sozialean eragiteko beharra azpimarratu dabe.

Jarduerea Gasteizko Ibiltaria eskulturearen aurrean hasi da eta Iruñea eta Miarritze zeharkatu ondoren, Bilboko Guggenheim Museoko Puppy eskulturearen aurrean amaitu da. Inguruetan egozan herritarren harridurarako, gorriz jantzitako aktibistek heliozko globoak puztu eta euskerearen erabilereari buruzko kontzientzia zabaltzeko mezuakaz uriburuetako leku enblematikoenak jantzi ditue.
- Gasteizen Euskararen bidean bakarrik utziko nauzue? mezua zabaldu da.
- Iruñean, Nafarroako Museoaren aurrean, Hemen gordetzen da euskara, ez erabili! aldarrikatu da, jarrera pasiboak salatzeko tonu ironikoan.
- Miarritzen Euskara: gutiago maita, gehiago obra! goiburuak erabilerearen aktibazinoa azpimarratu dau.
- Bilbon Txakurrari euskaraz eta lagunari ez? pankarteagaz, hurbilekoen arteko hizkuntza-ohituretan eragiteko beharra azpimarratu da.
Bilbon, Taupa mobimentuko kideek ondokoa zehaztu dabe: Taupa euskaltzaleen mobimentuan euskerearen erabilerea erdigunean jarri dogu jarduera honegaz, izan be, hau ez doa ondo.
Martiaren 28an, Euskalgintzearen Kontseiluaren barruan, euskerearen egoerearen larritasunaz adierazpen bateratua plazaratu genduan eta euskereari arnasa emon beharra azpimarratu. Gaur, Taupak azpimarratu dau urteak daroaguzala geldialdi egoeran, datu soziolinguistikoen argitan: ez aurrera ez atzera. Hainbat eremutan galera prozesuak indarrean jarraitzen dabe eta lurralde eta eremu askotan, euskaldunok ez daukagu euskeraz biziteko baldintza duinik bermatuta oraindino'.
Hizkuntza minorizatu batean bizitea gero eta gatxagoa egiten deuskue gaur egungo fenomeno globalek. Baina era berean, inoizko baldintzarik onenak ditugu, eta aurrera egiten ez dauenak, atzera egiten dauenez, bertan goxo gelditzerik ez daukagu. Egindakoa asko da, baina ez da nahikoa. Testuinguru aldakor honetan, ezinbestekoa da atontzeko moduak berrasmetea: gaur egungo gizarte likidoan, egiturak desegiten dagoz eta indibidualizazinoa nagusitzen da. Horrek trabak baino ez dakarz alkarregaz atondu eta eragitea. Horregatik, ezinbestekoa da komunidadea berreskuratzea, saretzea eta herri proiektu ilusionagarri batean alkarregaz aktibau eta eragitea. Badakigu euskeraz bizi nahi izateak korrontearen kontra egitea dakarrela eta hizkuntzea erabilteko baldintzak ez dirala egokiak. Baina aukerak badagoz egon eta horreek erabilten asmau behar dogu. Oztopoak oztopo, euskerazko territorio libreak eregitea da proposamena.
Tauparen mezua ondokoa da: euskeraz berba egiteko ez deutsagu inori baimenik eskatu behar. Hiztun moduan ahalduntzea gure erabagia da eta Taupan saretuta, alkarregaz, bide hori errazagoa izango da. Bide horretan, sarritan sentidu dogu bakarrik gengozala baina milaka aktibau ezkero gauza asko egiteko kapaz izango ginateke.
Taupa Euskaltzaleen Mobimentuak bide hau alkarregaz egitea proponiduten dau: lekuan lekuko eta nazino mailako ekimenen bidez, euskeraz bizitea errazagoa eta erosoagoa izateko baldintzak guztion artean eregitea. alkar mobidteko sasoia da. Hasi gaitezen komunidadea saretzen eta ahalduntzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!