Arabako bertsolaritzeari buruz egingo dabe berba Hitzetik Hortzeran
2025-04-10 11:21 BertsolaritzeaUxue Diaz de Cerio eta Oihane Perea izango dira protagonistak.

Euskal kulturearen eragiletzan Etenbako Prestakuntzako Masterra egin dabe Uxue Diaz de Cerio eta Oihane Perea Arabako Bertsozale Alkarteko langileek. Master amaierako lan bezela, Arabako bertsolaritzea, bertsolaritzearen erdalgunea, joandako gakoak eta egungo egoerak landu ditue. Arabako esperientzia ardatz hartuta, etorkizunerako proposamen bat izenburuko lana egin dabe.
Master amaierako lanari buruz berba egiteko alkartuko dira Uxue Diaz de Cerio eta Oihane Perea Mirari Martiarenagaz. 80. hamarkadatik hona, euskerearen eta bertsolaritzearen bilakaera zein izan dan abiapuntutzat hartuta, mahai ganean jarriko ditue Arabako bertsolaritzea geroratzeko indarguneak, ahulguneak eta aukerak. Tartean dira, adibidez, helduen bertso eskolak edo herrialdean Aramaiok dauen garrantzia.
Arabaren berezitasunak kontuan hartuta, etorkizunera begira ataratako ondorioen barri be emongo dabe Diaz de Ceriok eta Pereak zapatu gaueko programan.
Astigarragako eta Gasteizko saioak
Elkarrizketaz gan, betiko lez, bertsoak entzuteko aukerea be izango da Hitzetik Hortzeran.
Alde batetik, Irantzu Idoateren bertso musikatuak izango dira. Ansiedadeari buruz kantauko dau Idoatek, Manex Pagola musikaria lagun dauela.
Beste alde batetik, Astigarragako eta Gasteizeko saioetako bertsoak be entzun ahal izango dira.
Astigarragan Kronika egunkariaren 25. urteurrenaren bertso jaialdia atondu eben. Aritz Zerain izan zan gai-jartzailea eta kantuan ibili ziran Agin Laburu, Andoni Rekondo, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.
Arabako Kuadrillarteko finaleko bertsoaldiak ikusteko aukera be izango da. Gasteizeko Pinto pintto eta Arlobiko Bardoak taldeak ibili ziran finalean kantuan. Pinto pintto taldea Amaia Iturriotz, Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Paula Amilburu eta Xabier Antiak osotu eben. Arlobiko Bardoak taldea, barriz, Aitor Jimenez, Gari Sarriugarte, Irati Anda eta Manu Bendalak. Gai-jartzailea Irati Martinez izan zan.
Hitzetik Hortzera: zapatuan (apirilak 12), 21:00etan, ETB1en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!