La Ritiratak apirilaren 10ean ekingo deutso jaialdiari

Bizkaie! 2025-04-10 09:39   Musikea

Erosi sarrerak Arriaga Antzokian, musika-musica.bilbao.eus webgunean eta eleizan.

'Maitasun mistikoa'. La Ritirata | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak atondutakoo Bilbao Arte Sacro musika jaialdia gaur, apirilak 10ean, eguena, hasiko da Gizakunde Eleizan eta apirilaren 14ra, astelehenean amaituko da, Mirespena / Admiración goiburupean.

Musika-Musicaren 24. edizioak izandako erantzun bikainaren ondoren, musikea barriro entzungo da Bilbon, nazinoarteko 5 talde entsutetsuen eskutik.

Lehenengo kontzertua gaur, apirilak 10, izango da; La Ritirata taldeak Maitasun mistikoa interpretauko dau, Durón, Torres, Hidalgo, Cabanilles edo Sances lako Barrokoko konpositore espainiar eta italiarren musika errepertorioagaz. Ikuskizunak Santa Teresa de Jesus, San Juan de la Cruz, María de Zayas eta Lope de Vegaren poesia mistikoa bateratuko ditu. Josetxu Obregonek zuzendutako kontzertuan Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Manuela Velasco aktorea izango dira.

Hurrengo egunean, apirilaren 11an, Palestrinaren jaiotzearen 500. urteurrena ospatzen dan urtean, The Tallis Scholars britainiar taldeak gitxi ezagutzen dan meza bat eta konpositorearen moteterik onenetako bat interpretauko ditu. Eta berean, errepertorioan Orlandus Lassusen zenbait obra sartuko ditue: Peter Phillipsen gidaritzapean, besteak beste, Missa Ut re mi fa sol la, Laudate pueri dominum, Media vita, Tribulationes civitatum, Timor et tremor eta Tu es Petrus entzungo dira.

Bestalde, apirilaren 12an, London Handel Playersek Bachen Kantata erlijiosoa eskainiko deutse bere programea, Barroko berantiarraren adierazle nagusia. Saio honetan Jessica Cale sopranoa, Mercé Bruguera Abelló mezzosopranoa, Benedict Munden tenorra eta Tristan Hambleton baxua entzungo dira.

Apirilaren 13an, Bilboko Koral Alkarteak Valentín María de Zubiaurre (1837 – 1914) – Durangoko San Antonio komenturako musika proiektua aurkeztuko dau lehenengo aldiz —komentuko hormen artean ehun urte baino gehiago igaro ondoren—, musikari bizkaitarrak komentuko komunidadearentzat konponidu eban lan argitaratubakoari balioa emonez. Musika tradizino aberatseko corpusa da eta argi erakusten dau Zubiaurrek jaioterriagazko eta liturgiagazko sentidu eban atxikimendua. Programara latinez, euskeraz eta gaztelaniaz idatzitako obrak batu ditue.

Azkenik, apirilaren 14an, astelehenen, Alejandro Mariasek zuzendutako La Spagna taldeak Lamenti di donna kontzertuagaz amaituko da 2025eko Bilbao Arte Sacro. Errepertorio horretan, rol eta egoera ugari bizi dituen sei emakume —maitale bizia, maitale traizionatua, erregina kondenatua, dontzeila jazarria, printzesa abandonatua eta ama kanibala— ikusiko dira tristeziaren, traizinoaren, bidebakokeriaren, lizunkeriaren, abandonuaren eta damuaren aurrean.

Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira. Sarrerak salgai dagoz 10 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu