Jennifer Lopez Bizkaia Arenan izango da garagarrilaren 16an

Bizkaie! 2025-04-08 09:54   Musikea

Sarreren aurre salmentea apirilaren 14an hasiko da hemen. Orokorra, barriz, 16an hemen.

Jennifer Lopez, munduko artista garrantzitsuenetako bat, Barakaldoko BEC Arenan izango da Jennifer Lopez: Up all nigth live in 2025 lanagaz. Nazinoarteko agertokietara bueltauko dan artisteak, haren ibilbide mitikoan zehar izandako arrakastak kantauko ditu.

Lopez, ultimate triple threat lez ezaguna (abeslaria, jantzaria eta aktorea), sariak jaso eta markak hausten dituan artistea da. Daborduko, 80 miloe disko baino gehiago saldu ditu,  baita 15 mila miloe erreprodukzino eta hilean ia 28 miloe entzule Spotifyn be.

Artisteak garagarrilean 8an hasiko dau Estaduko birea, Pontevedrako Tafisa Parkean. Horrezaz gan, ondoko urietan izango da: Cadiz (garagarrilak 10, Mirandilla Barria Estadioa); Malaga (garagarrilak 11, Malaga Uria Atletismo Estadioa); Bartzelona (garagarrilak 15, Sant Jordi Club); eta, Bilbon (garagarrilak 16, BEC). Laster sarreren salmenteari buruzko informazinoa emongo dabe.

Jennifer Lopez

Jennifer Lopez naturearen indarra da: aktore, produktore, abeslari eta negozioak ondo menperatzen dauen artistea hain zuzen be. Aldi berean musika eta zinema zerrenden buru izan dan emakume artista bakarra izanez, Lopezek 3 mila miloe dolar baino gehiago egin ditu leihatilan mundu mailan, baita 80 miloe disko baino gehiago saldu eta milaka miloe erreprodukzino izan be.

Haren azken film biak, Atlas eta The Mother, lehen postua lortu eben Netflix plataformean. Ganera, The Mother, plataformako 10 film ikusikenen artean dago. Amazon Prime Videoan egin dauen filma, Unstoppable (2025), lehen postua lortu dau mundu mailan eta Kiss of The Spider Woman filmean egindako lanagaitik txalotua izan da Sundanceko Zinemaldian. Haren hurrengo filma, Office Romance, Brett Goldstein (Ted Lasso eta Shrinking) aktore eta gidoilariagaz batera grabetan dabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu