Loraldiak edizino arrakastatsuena zarratu dau
2025-04-01 12:59 Euskerea berbagaiEuskal kulturearen eta sorkuntzearen topagunea izan da.
Loraldia Festibalaren hamaikagarren edizinoak argi eta garbi itxi dau euskal kulturearen sormena inoiz baino biziago dagoala. Publikoaren erantzuna bikaina izan da: ikusleen kopuruak gora egin eta Lorazain komunidadeak protagonismo handia izan dau.
Halanda ze, Loraldia Festibala 2025ek orain arteko edizino arrakastatsuena zarratu dau. Jaialdia euskal kultura eta sorkuntzarako topagunea izan da, kalidade artistikoaren, proposamenen aniztasunaren eta publiko barrien belaunaldiaren alde eginez. Ikusleen harrerea bikaina izan da, antzokiak eta kultur guneak betez eta proiektua babesten dauen komunidadea indartuz.
Kalidade artistikoa
Guztira 141 artistak parte hartu dabe eta horreen % 41 emakumeak izan dira.
Lurraldekotasuna da Loraldiak jagoten dauen beste erispidetako bat. Beraz, Euskal Herri osoko sortzaileak izan ditue: % 24 bizkaitarrak, % 45 gipuzkoarrak, % 6 arabarrak, % 7 nafarrak eta % 12 iparraldetarrak. Horreezaz gan, parte-hartzaileen % 6 Euskal Herritik kanpokoak izan dira, besteak beste, Quebec eta Kataluniatik etorriak.
Sormenaren zabalkundea
Hainbat diziplina artistikoek bat egin dabe: musikea, antzerkia, literaturea, bertsolaritzea, performance, jantzea eta ikus-entzunezko sorkuntzea. Programazinoak ikusleen interesa biztu ezeze, esperimentazinorako eta barrikuntzarako gune aparta be eskaini dau. Holan, Loraldia Festibalaren nortasunaren parte da tradizinoa eta abangoardia buztartzea.
Euskal kulturearen erronkak eta etorkizuna
Loraldia kultur mobimendua da, euskal sormenaren aldeko jarrera aktiboa aldarrikatzen dauena. Aurtongo datuek erakusten dabe euskal kulturea eta sorkuntzea bizirik dagozala, baina etorkizunerako erronkak be baditue: belaunaldi barrien inplikazinoa indartzea, sormenaren zirkuituak sendotzea eta nazinoarteko hartu-emonetan sakontzea.
Publikoaren eta Lorazainen babesa
5.000 ikusletik gora batu dira Loraldia Festibalean, markak hausiz.
Bestalde, Lorazain komunidadeak be hazkunde handia izan dau: 4.000 lagunetik gora dira dagoeneko euskal kulturearen aldeko babes aktiboa emoten dabenak. Horreen laguntzea funtsezkoa izan da festibalaren erantzun bikaina bermatzeko eta komunidade horren indarrak Loraldia proiektuaren etorkizuna sendotu dau.
Eskerrik asko
Eskerrik asko publikoa, Lorazain, artista, areto, babesle eta eragile guztiak, halanda ze, Loraldia Festibala posible egiten dozuen guztioi.
Festibalak erakundeen, eragileen, sortzaileen eta beste batzuen laguntzea dau. Hamaikagarren edizinoan gure lau babesle nagusiak izan dira Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa.
Horreezaz gan, beste eragile eta erakunde batzuen laguntzea izan dogu: Euskal Kultur Erakundea; Elkar Fundazinoa; Berria; Naiz; Guggenheim Bilbao Museoa; eta, KOT.
Baita euskal hedabideenak be: Berria, Gara/Naiz, Deia, Kmon, Bilboko Uriola, Hiruka, Anboto, Aikor, Aiaraldea, Begitu, Argia, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea, Naiz Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta Bizkaia Irratia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!